Bizhiltzea
Badira gertaezinak diruditen gauzak, gertatzen diren arte. Horregatik galdetu didazu ea nola deitzen zaien haur bat galdu duten gurasoei, euskarazko zein hitzekin identifikatzen dugun. Ez dakidala erran dizut, nire ustez ez dela existitzen halakorik. Gurasoak galtzen dituenari umezurtza, bikotekidea galtzen duenari alarguna, baina haurrak galtzea naturaren kontra egitea dela, eta, gertaezina dela pentsatzen dugunez, ez dugula izendatu. Hizkuntza guztietan gertatzen dela gauza bera, halaxe argitu didazu, bila aritu zarela eta definiziorik ez duzula aurkitu; hau da, gazteleraz, adibidez, «duelo» edo frantsesez «parent en dueil» erabiltzen dela guraso horiek sufritzen ari direna zehazte antzera. Ingelesak «bereaved» eta «bereavement» ahoskatuz maitatuen galera adieraz dezakeela, baina ez hildako umearen guraso direnik. Eta horrela «shinjū» japonieraz eta «shivron» hebreeraz, hurbil baina urrun aldi berean. Psikologoek diotela izendapenak anitz lagunduko liokeela hura pasatzen ari denari. Halako kontuak entzun dizkizut, eta hausnarrean utzi nauzu. Oroitu naiz bizitzaren denbora ebatsi ziola erran zidala amak, gure etorrerak ordularia eta orduak hankaz gora jarri zizkiola, baina jadanik horrela baizik ez zuela bizi nahi, gutako bakar bat galdutakoari ezingo liokeelako bizitza deitu.