19 NOV. 2024 Nafarroako eta Lapurdiko feministak indarkeria matxistari erantzuteko batu dira Agerraldi jendetsua egin zuten igandean, Saran. (Guillaume FAUVEAU) GARA BAIONA Lapurdin eta Nafarroan udan indarkeria matxista kasu anitz gertatu direla salatu zuten iragan igandean, Saran egindako agerraldian. Baztan, Malerreka, Bertizarana, Bortziriak, Xareta eta Azkaingo militante feministek eginiko prentsaurrekoan, eraso horien bilduma zehatzaren berri eman eta emazteenganako bortizkeriaren kontrako mezu irmoa zabaldu zuten, Azaroaren 25aren atarian. Hala, azaldu zutenez, uztail hastapenean «Lesakan, protokoloaren prestaketan harrapatu gintuen karrikan gertatutako eraso batek, eta bertze hiru eraso kudeatu behar izan genituen sanferminetan bertan». Handik hilabetera, Berako bestak bukatu eta egun gutira, «gizonezko batek emakume bati sexu erasoa egin» ziola jakin zutela zehaztu zuten. Gaineratu zutenez, «Narbarten, nekez lortu zen Bertizaranako Udalak herriko hautetsi baten dimisioa eskatzea herrian gertaturiko eraso matxista batekin zerikusia zuelako eta, Elizondon, Baztandarren Biltza- rraren bezperan, sexu erasoa egin zion gizonezko batek emakume bati». Herri horretako bestetan, gainera, beste zenbait eraso gertatu ziren. Arrangura azaldu zuten Amaiurren «herriak, brigada moreak eta eragileek salaturiko eraso fisikoa» hainbat herritarrek zalantzan jarri zutelako»; horrez gain, salatu zuten hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldi eta proposamenak boikotatu dituztela. MISOGINIA ETA ESKUIN MUTURRA «Feministok argi dugu gazteen artean eta sare sozialetan nagusitzen ari diren diskurtso misoginoak eskuin muturraren ideiak batere lotsarik gabe hauspotzeko tresna dira eta hauek lotura zuzena dute uda honetan eskualdean bizi izan ditugun emakumeon kontrako eraso eta feministon aurkako oldarraldiarekin», adierazi zuten, eta egoerari erantzuteko eskualde mailan elkartzea erabaki dutela jakinarazi zuten.