19 NOV. 2024 Osakidetza «sendo eta duin» baten alde jarraituko du LABek Osakidetzako hauteskunde sindikalen atarian, LABek sistema publiko «sendo eta duin» baten alde lan egiten segituko duela nabarmendu du. «Orain arteko politikak alboratu eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu politiko argia behar da», nabarmendu du. GARA BILBO Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzeko, azken urteetako politika «neoliberal» eta «klientelarrak» salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzeko ekimenekin jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen atzo LAB sindikatuak, Osakidetzako hauteskundeen atarian. Datorren azaroaren 28an izango diren hauteskundeetarako botoa eskatzeko agerraldia egin zuen sindikatuak atzo Bilbon. Bertan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak adierazi zuen Osakidetzak eraldaketa sakona behar duela: «Orain arteko politikak alboratu eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu politiko argia behar da». Langileen baldintzak eta eredua hobetzeko hartutako iniziatibak gogorarazi zituen; alde batetik, pribatizazioa eta kontzentrazio politikak alboratzearen aldekoak. Adierazi zuenez, fenomeno hauek «ez dira kudeaketan gertatzen diren hutsuneak, erabaki politiko argiak baizik, EAJren Gobernuak enpresa pribatuen negozioen mesedetan hartzen dituen erabaki politikoak». Horrela laburbildu zuen arazoa: «Publikoak ez duela behar bezala funtzionatzen eta pribatua beharrezkoa delako ideia zabaltzen ari da. Pribatizaziorako joera horrek herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzea eragiten du». Bigarrenik, langileekiko politikak aldatzeko eta hobetzeko ekintza sindikala ekarri zuen gogora. Ildo horretatik, LABentzat «lan kargak aztertzea, plantillak handitzea, egonkortzea eta lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da; ratioen lege berri bat behar da; eta politika feministak behar dira. Izan ere, emakumeek* ardura postuetara iristeko zailtasunak dituzte, eta kontziliazio eta erantzunkidetasun politika egokirik ez dago». Osakidetza euskalduntzeko plan baten alde ere lan egingo du sindikatuak. Azaldu zuenez, gaur egun euskalduntzea borondatezkoa da, baina plaza guztiek izan beharko lukete profila, bere ustez. Hala, deitoratu zuen euskaraz lan egitea eta euskaraz zerbitzua jasotzea «ezinezkoa» dela. LANTOKIETAN, KALEETAN ETA MAHAIETAN Horretaz gain, LAB sindikatuaren ustez, «ez da nahikoa proposamen eraldatzaileak egitea». Izan ere, «indarrak bildu» beharra dagoela azpimarratu zuen, «dinamika sindikal eta sozialak hauspotuz eta indar hori baliatu dauden markoetan, Osakidetza hobetzeko eta langileen aldeko neurriak lortzeko». Horretarako, lantokietan bezala, kalean borrokatzen jarraituko dutela azpimarratu zuen. Alde horretatik, osasun plataformen mobilizazioak babesten jarraituko dute. Horrekin batera, Osakidetzako Mahai Sektoriala «negoziazio errealerako espazio bilakatzeko» indar berezia jarriko dutela esan zuen. Osasun Mahaiari dagokionez, egindako diagnostikoarekin «ez dugu bat egiten; ez gaitu asebetetzen», esan zuten LABeko ordezkariek, eta boto partikularra aurkeztu dutela jakinarazi zuten. «Pribatizazio politiken arrazoiak eta ondorioak ez dira jasotzen; ez da argitzen osasun sistema publikoaren zerbitzua titularitate publikotik eta baliabide publikoekin eman behar den edo ez azpikontratatuz, itunduz edo pribatizatuz; pertsonala dimentsionatzeko beharra edo euskalduntzeko beharra ez dira jasotzen», zehaztu zuten. «Jarraituko dugu mahaian lanean, iraultza hitzez ez, ekintzez egiten delako. Gobernuaren erabakietan ikuspegi kritikoarekin eragiten jarraituko dugu, hobekuntzak lortzen», erantsi zuten. EUSKALDUNTZEAOsakidetzan euskaraz zerbitzua jasotzea eta euskaraz lan egitea gaur egun «ezinezkoa» denez, LABek euskalduntzeko plan baten alde egingo du lan arlo horretan.