20 NOV. 2024 KOLABORAZIOA Desagertuak Aster NAVAS Azken DANAren ondoren, desagertu batzuk −hauxe idazten dudan unean, hamasei dira− oraindik ez dira agertu. Hauexek izan ditugu azken egun hauetako berri gehienak: «Desagertu baino minutu batzuk lehenago norbaitek auto baten sabaira igota ikusi zituen», «hamar pertsona baino gehiago desagertuta daude oraindik», «Valentziako hiru enpresari daude desagertuen artean», «nola identifikatzen dira DANAk Valentzian desagertutakoak?», «Rubenen eta Izanen gorpuak aurkitu dituzte». Halaxe kontatu digute, pertsona horiek bat-batean, airean, aienatu izan balira bezala. Bizitzak −heriotzak, agian− trikimailu bat egingo baligu bezala. Gure sudurren aurrean: orain badaude; oraintxe, berriz, ez. «Desagertu» baino aditz aztoragarriagoa den bakarra, «agertu» da; batez ere zenbait testuingurutan. Biak magiak ukituriko aditzak dira: «Aztiak neska desagerrarazi zuen», «azalean orban esplikaezin batzuk agertu zitzaizkion». Biak «ageri»-tik datoz. Eta, beharbada, «ageri» −agerian dago− hori latinezko «ager» (zelai) hitzetik: denen bistan, publikoa, manifestua den zerbait adierazteko. Dena den, «agertu»-k «desagertu» baino izaera ustekabekoagoa, harrigarriagoa, kezkagarriagoa du: «Hil ondoren, sukaldaria agertzen zitzaigun mahai gainetan». Zaila da desagertzea. Are zailagoa norbait desagerraraztea. Eta lortzen baduzu ere, beti dago baten bat, familiakoak batez ere, berriro ager daitezen ahalegintzen direnak; burruntzia baino petralago den jendea. Eta horrela ezin da lanik egin. Zuek oso gazteak zarete, baina 90eko hamarkadan reality bat ematen zen, “Quién sabe dónde”, audientzia handia lortu zuena. TVEk programa 1998ko ekainean bertan behera utzi zuen, haur lapurtuen sarea ikertzen hasi baitzen. Sare hori 1982tik ezagutzen zen “Interviú”-n idatzitako artikulu batengatik. Programaren historian zehar 2.750 desagertu kasu aurkeztu ziren, eta horietatik %70 ebatzi ziren. Programako kasurik deigarrienak agertu nahi ez zutenenak izan ziren; beraien auzora, kalera, beren bila zebiltzanen arabera ezin ulertuzko moduan desagertuta etxera itzultzeari uko egiten ziotenak. Horrela, bat-batean. Egun batetik bestera, gauetik goizera. Argentinan urte luzez −ederki islatzen du “Missing” filmak, Vangelisen soinu banda...− desagertzeko metodo eraginkor samarra erabili zuten, heriotzaren hegaldiak. Haien memoria historikoaren parte den hegazkin bat erabiltzen zuten, Skyvan PA-51 bat. Izan ere, gorputz haiek berreskuraezinak ziren arren, hor zeuden Maiatzeko Plazako amak, behin eta berriz ur gainera ateratzen. Uff, nolakoak diren amak. Batez ere, nirea. Nirea gero eta sarriago agertzen zait. Ez, lasai, ez da mamu agerpen bat: ez dut ama espazio fisiko batean aurkitzen, baina bai gero eta egoera gehiagotan berak zer esango lukeen, zein keinu egingo lidakeen sumatzen dudala; nabari dut nire ondoan dagoela. Ez, ez diot inoiz amari egia esaten. Orain lau urte dira utzi gintuela, dagoeneko lau urte −gezurra dirudi− pasatu dira desagertu omen zenetik. Esanez gero, ez zait berriro agertuko. En fin. Programako kasurik deigarrienak agertu nahi ez zutenenak izan ziren; etxera itzultzeari uko egiten ziotenak