GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Idurre Eskisabel
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

«Sendabiderako, diagnostiko egoki bat egitea da lehendabiziko urratsa»

Euskara eta euskal hiztunen komunitatea «larrialdi linguistikoan» daudela ohartarazi berri du Hizkuntza Berdintasunerako Europako Sareak (ELEN), eta batzar orokorrean larrialdi horri buruzko ebazpena onartu du aho batez. Euskalgintzaren Kontseilua ere sare horren parte da. Idurre Eskisabelek NAIZ Irratian eman ditu azalpenak.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Denbora badela dio Idurre Eskisabelek, «urteak», euskalgintzan kezka moduko bat sortu zela. Hizkuntzaren biziberritze prozesua geldialdi batean sartuta ote dagoen galdetzen dio aspaldi euskalgintzak bere buruari.

Eta denbora horretan garatzen joan den kezka hori zergatik hezurmamitu da orain, larrialdi linguistikoari buruzko ebazpen hori onartzeko punturaino? Bada, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, kezka orokortu horretatik abiatuta, ikusi izan dituztelako datu eta gertakari soziolinguistiko konkretu batzuk.

Horietako bat da, esate baterako, «Ipar Euskal Herrian oraindik hiztun kopuru erlatiboa beherantz» doala, edota «Nafarroari so eginez gero, oraindik ere hamar ikasletik seik euren ibilbide guztian euskararekin ez dutela inolako harremanik». EAEri dagokionez, Eskisabelek nabarmendu du «eremu euskaldunenetan erabilera jaisten» ari dela eta, Euskal Herri osoa aintzat harturik, «euskaraz erdaretan baino errazago egiten dugunon hiztunon kopurua beherantz doala eremu guztietan».

Azken hori da, bere ustez -Iñaki Iurrebasoren tesia mahairatu du hori ilustratzeko-, erabileran eta hizkuntza baten osasunean «guztiz erabakigarria den faktorea».

Era berean, gertakari soziolinguistiko horiei guztiei erantsi behar zaie «oldarraldi betean» dagoela euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua. Ideia horretan sakonduz, Eskisabelek azaldu du «oldarraldi judiziala oso goraldi handian» badugu ere, oldarraldi politiko eta diskurtsibo bat ere gertatzen ari dela. Horrekin batera, eta aurrera begira jarrita, honakoa adierazi du: «Etorkizunak globalizazioaren ildotik dakarzkigun erronkak ikaragarriak dira hizkuntza minorizatu guztientzat orokorrean, mundua bere osotasunean hartuta».

Eskisabelen arabera, neurriak martxan jartzeko baliatu beharko litzateke abagunea, «etsipena alde batera utzita».

Lehendabiziko egitekoa, agertu duenez, larrialdia bera aintzat hartzea litzateke, negazionismotik aldenduta. «Sendabiderako, diagnostiko egoki bat da lehendabiziko urratsa», gogorarazi du, eta, diagnosi hori esku artean edukita, euskararen normalizazio eta biziberritzea «agenda soziopolitikoaren lehen lerrora ekarri». Instituzioek, agintariek eta eragile soziopolitiko guztiek egin behar dute hori, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz.

Aurkeztu berri duten ebazpenean badago eskaera bat herritar ororentzat: «Asko dira planetan bizi ditugun larrialdi sistemikoak, esango nuke gainera denak oso lotuta daudela, eta dei egiten diegu euskararen normalizazio eta biziberritzearena ere besteen adinako arduraz eta konpromiso zibikoz har dezaten».

BIDE INSTITUZIONALA

Imanol Pradales lehendakariarekin eta Ibone Bengoetxea Lakuako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin bildu dira berriki Kontseilukoak. Topaketa horren balorazioa ere egin du Eskisabelek, eta «elkar ulertze eta sintonia giroan» garatu zela nabarmendu du.

Larrialdi linguistikoan gaudela zergatik uste duten adierazi zieten, eta gaineratu esku hartze edo onbideratze prozesu bat zabaltzeko «inflexio puntu gisa» ulertzen dutela egoera, kexarako baino. «Beheranzko joera goratzekoa», alegia.

Lakuako Gobernuko ordezkarien erantzuna ildo beretik iritsi zela esan du Eskisabelek: «Haiek ere adierazi ziguten euskararen normalizazio eta biziberritzearekin kezkatuta daudela, ikusten dutela premia handi bat denek batera arraun egiteko».