ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Izaki Gardenak taldea «Orube» batean kokatu da eta disko berria ondu du

”Orube” diskoa plazaratu berri du Izaki Gardenak taldeak, azken argitalpenetik «momentuak eragindako» sei urteko etenaldia igaro ondoren. Iaz sentitu zuten proiektua berreskuratzeko gogoa eta, aurtengo uda Granadan egindako grabaketei eskainirik, berritasunez betetako bilduma hau jaio da. Zuzenean eskainiko dute 2025eko urtarriletik aurrera, Hendaian eta Abadiñon hasita, entzuleen gertutasunaren esperoan.

Jon Basaguren, Izaki Gardenak taldeko gitarrista eta ahotsa.
Jon Basaguren, Izaki Gardenak taldeko gitarrista eta ahotsa. (L. KORTAZAR)

«Indar gehiagorekin» bueltatu da Izaki Gardenak talde gasteiztarra, berriki argitaratu duen “Orube” lanaz. Metaforari helduta, «eraikitzeko dagoen lurraz» baliatu dira «aurreiritzirik gabe, zerotik hasteko».

Gasteizko Vinylora musika dendan lan berriaren nondik norakoak eman zituzten atzo Jon Basaguren taldeko gitarrista eta ahotsak eta Libe Kortazar teklista eta ahotsak.

“Orube” musika taldearen «diskorik onena da, zalantzarik gabe eta alde handiarekin», definitu zuen Basagurenek.

2018an “Dena oskol” albuma argitaratu zutenetik proiektu paraleloetan aritu dira taldekideak, batzuetan elkarrekin eta beste batzuetan bakarrik. Pandemia garaiaren erditik, iaz arte ez zuten talde bezala itzultzeko gogoa sentitu. Aurtengo udan grabatu dute lana, Granadako La Mina estudioan.

Itzulera bat bada ere, Basagurenek ez zuen «formulak errepikatzeko gogorik». Taldearen izaera gorde bai, baina kantak «beste era batera» egin dituzte oraingoan. Esate baterako, gitarrek beste efektu bat dute; “delay” edo oihartzun efektua eta “chorus” delakoa sartu dituzte eta beste sintetizadore batzuk baliatu dituzte.

«Ez da sekulako iraultza», ohartarazi zuen atzo Basagurenek. Hala ere, soinuko berritasunekin batera, oraingo lan honen atzean ikerketa eta esperimentazio gehiago dagoela zehaztu zuten bi taldekideek. Konposatzerako momentuan ere aldaketarik egon da, Basagurenek azaldu zuenez.

Izan ere, musikari letra «berandu» eransteko ohitura dauka, baina oraingoan «agian gehiegizkoa» izan da atzerapen hori. Diskoaren izena bera metafora bat izateaz gain, zortzi abestietan zehar zenbait kontzeptu errepikatzen dira, «aldentzea» eta «amaiera», kasurako. “Jausi bitartean” kanta «gizartearen dekadentziaz» ari da, diskoa etxean egitearen eta munduan gertatzen ari zenaren arteko kontrasteaz. «Doinuak egitea, jausi bitartean kantatu ahal izateko», laburbildu zuen Basagurenek.

Jon Basagurenek eta Libe Kortazarrek sortutako “Alde IlunA” zigiluarekin gorpuztu dute Izaki Gardenaken disko berri hau. «Gure proiektuei heltzeko eta aurkezteko» sortu dute marka hau, «hasiera batean oso familiarra, baina batek daki».

“Orube”ren azala ere beraiek egindakoa da, Libe Kortazarrek ateratako argazki analogiko batetik abiatuta, diskoaren soinuan antzematen den 1980ko hamarkadako soinuei egindako keinu gisa. Kortazarren hitzetan, irudian agertzen den utzitako karabana hori «beste norbaitek har dezake eta etxe berri bat sortu» eta, beraz, hasiera berriak irudikatzen ditu.

OHOLTZETARA ITZULERA

Diskoa aurkezteaz batera, zuzeneko emanaldien berri eman zuten. 2025eko urtarriletik aurrera bueltatuko dira eszenatokietara eta Hendaiako Borderline Fabrikan hasiko dira, hil horretako 17an. Ondoren, 19an, Abadiñon izango dira, Amaraun Arte Fabrikan. Bereziak izango dira kontzertu hauek taldearentzat, «behar» duten gertutasunez egingo direlako, agertokirik gabe.

Urtarrilaren 23an Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute kontzertua, eta bi egun geroago Atarrabiako Totem aretoan entzungo dira abesti berriak. Otsailean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko dute, 6an. Eta 15ean Intxaurrondon, Donostian ere izango dira. Azken honetakoak izan ezik, sarrera guztiak salgai daude dagoeneko. Zuzenekoetan Danilo Foronda taldeko baxu-jotzailea ezin izango da egon eta, haren ordez, Duluth taldeko Aitor Aguirre lagun izango dute.