21 NOV. 2024 LAU ETA ERDIKO FINALAREN ATARIAN Finalari material aukeraketatik sartu diote abiadura Etxeberriak eta Lasok Sakeak eta errestoak izan dezaketen garrantzitik harago, pilotari abiadura ematea eta jokoaren ekimenaren jabe egitea da Unai Lasok bezala Peio Etxeberriak igandeko finalerako duten asmo nagusietako bat. Bide horretan, material aukeratik hasi nahi izan balute bezala, sekulako abiaduran eta arazorik gabe apartatu zituzten txapela jokatzeko erabiliko dituzten lau pilotak. Peio Etxeberriak eta Unai Lasok ez diote aitzakiarik ipini igandeko pilota sortari. (Aritz LOIOLA | FOKU) Jon ORMAZABAL Bainaren bat bilatzen hasita, Baikoko aurrelariari, txapelketan zehar egon den materialarekin alderatuta, finalekoak «apur bat bajuagoak» iruditu zitzaizkion atzo, baina oro har biek oso gustura amaitu zuten saskian topatutakoarekin. «Bi pilota berehala gustatu zaizkit eta ez dut askorik pentsatu. Bereak ere onak ziren, eta gustura nago materialarekin», azaldu zuen pilotari erroibartarrak. Peio Etxeberriak ere ez zion aparteko aitzakiarik topatu Martin Alustizak duela aste dezente eguraldi beroagoarekin aukeratu eta atzo aurkeztutako sortari. Azken partidetan erabili duten antzeko materiala zegoela iruditu zitzaion. «Berak aukeratutako bat agian nabarmentzen zen, gehiago irteten zelako. Baina nik aukeratutakoekin oso gustura noa», gaineratu zuen ultzamarrak. Pisuei dagokienez, Lasorenek 105,2 eta 106,8 gramo pisatu zuten, eta 104,8 eta 106,8 Etxeberriarenek. Txapelketan partida estu gutxi izan direnez, jokatu den materiala gehiegizkoa ote den ustea zabaldu da pilotazaleen artean. Nolanahi dela, kaiolako aurtengo bi finalistak bat etorri ziren, beste urteekin alderatuta, aldaketa nabarmenik egon ez dela azaltzean. Partida azkar horietan sakeek eta errestoek berebiziko garrantzia izan dute, eta biak ados ziren, gehienetan indarra pilota jokoan jartzeko pilotakadan jartzen bada ere, errestoak lehen pilotakada horrek bezainbesteko garrantzia duela adierazterakoan. Ezaguna da Bilboko frontoiko ezker paretak pilota gastatzeko joera izaten duela, baina finalistek ez dute uste honek eragin berezirik izango duenik partidaren bilakaeran. «NIREA ONDO EGIN» Aurkarien dohainak nabarmentzeko orduan, lausengurik falta izan ez bazitzaien ere, biek oso argi izan zuten aurkariak egiten duenak baino, bakoitzak bere onena ateratzeak kezkatzen dituela gehien. Horretan garrantzia izango du uneko tentsioa kudeatzeko bakoitzak duen gaitasunak. Etxeberriak onartu zuen astean zehar iaz baino urduriago sentitzen ari dela, eta ontzat eman zuen «iaz dena kontrolpean nuela uste nuelako, eta gero dena gainera etorri zitzaidan». Finalerako azken detaileak osatze aldera, Zenotzekoak azken entrenamendu bat osatu zuen aukeraketa amaitu eta berehala, Joseba Ezkurdia laguna sparring gisa zuela eta Jokin Etxaniz, Jon Apezetxea eta Andoni Gaskue begira zituztela. Aukeraketa baino lehen izan zuen Lasok finalaren aurretik Bizkaia pilotalekuarekin azken kontaktua, igandean bezala, Iraitz Zubizarretaren aurka partidatxo bat jokatuta, Aimar Olaizolaren begiradapean. Igandeko bi finalistek duela hilabete inguru jokatu zuten azkenekoz elkarren aurka eta orduko hartan, Labriten, Aspekoa nagusitu zen, 22-19ko emaitzaz. Partida horren bideoa ikusi du Lasok, eta baita irabazteko zer hobetu behar duen aztertu ere. «Tantoan zehar ere pazientzia izan behar dut, ze agian Peioren aurkako partidan azkenerako galdu nuen pixka bat. Peio pilotari oso gogorra da, beti bat gehiago jotzera behartzen zaituen pilotari horietakoa. Fisikoki ere oso ondo prestatuta dago, eta hortik joango da. Baina nik ausart jokatu behar dut, nire jokoa atera eta beldurrik gabe», esan zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak. Etxeberriak, ibilbide eta esperientziarengatik, Laso jo zuen faboritotzat, baina horri ez zion garrantzirik eman bietako inork. SARRERAKIganderako giro bikaina ziurtatuta dagoen arren, atzo arratsaldean ia 200 sarrera geratzen ziren saltzeke, gehienak kantxakoak. Ez da ziurra betekada izango denik. Gutxigatik bada ere, apustuak Unai Lasoren alde daude momentuz.