24 NOV. 2024 EUSKAL DERBIA Une gozoa are gehiago gozatu nahi dute Athleticek eta Realak San Mamesen Bilbotarrek Europako postuetan bete-betean sartzeko aukera dute gaur irabaziz gero, eta donostiarrek aurkaria sailkapenean aurreratu eta Ligan hirugarren garaipena jarraian eskuratzekoa. Athleticek jokalari denak osatu ditu, Realean Oskarsson baja da. Zubimendi eta Remiro, Iñaki Williamsen jaurtiketa eragotzi nahian, 2023ko derbian. (Aritz LOIOLA | FOKU) Asier AIESTARAN Ez da beti horrela izaten, baina gaur 21.00etan San Mamesen jokatuko den euskal derbira une gozoan iritsiko dira Athletic eta Reala. Bilbotarrek Liga hasiera txukuna egin dute, goiko postuetan dabiltza, eta Europan ere sekulako emaitzak lortzen ari dira, zenbait urtez erakusleiho horretatik at geratu ostean. Realari gehiago kostatu zaio denboraldiari neurria hartzea, baina, behin martxa hori hartuta, ezin atzera begiratu. Gaur irabaziz gero, zuri-gorriak bete-betean sartuko dira Europako postuetan; txuri-urdinak nagusitzen badira, sailkapenean aurkaria aurreratzeko aukera izango dute eta Ligan hirugarren garaipena jarraian ospatzekoa. Bi entrenatzaileek ederki ezagutzen dute derbiaren garrantzia, eta hamaikakorik onentsuenak ateratzeko aukera izango dute. Ernesto Valverdek Oihan Sancet, Alex Berenguer eta Unai Simon deialdian sartu zituen, bai ostiralean eta bai atzo arratsaldean jada entrenamendu osoa normaltasunez egin zutelako. Baita Valladoliden jokatzerik izan ez zuen Iñaki Williamsek ere. Imanolek, aldiz, Orri Oskarsson aurrelariaren hutsunea baieztatu zuen, soleoan min hartuta, baina gainerako taldekideak prest omen ditu derbirako. 23 jokalariz osatutako deialditik kanpo Alvaro Odriozola eta Urko Gonzalez de Zarate utzi zituen oriotarrak. PAREKOTASUNA Atzo eskainitako prentsaurrekoetan, bi entrenatzaileek derbietan ikusi ohi den parekotasuna aipatu zuten. Eta Valverdek, adibidez, neurketa «bizia» espero du. «Partida bizia izango da, hori argi dago. Ez dakit joan-etorrikoa izango den, apurtuko den, bi taldeok nahi izaten dugulako hori ez gertatzea, eta gertatzen bada gure alde izatea. Baina bizia izango dela bai, buruz buruko jokaldietan norgehiagoka handia izango dela. Derbietan hala izaten da. Baloi bakoitzak sekulako garrantzia du eta borrokatu beharra dago, erasoko aukera bat suposatzen duelako. Badakigu sekulako giroa izango dela San Mamesen, eta jendeak partida on bat ikustea espero dut». Aurkariari dagokionez, Realak etxetik kanpora erakutsi duen sendotasuna nabarmendu zuen. «Azken urteetan erakutsi duten joko moldearekin jarraitzen dute. Goian egongo den taldea da. Hasiera ona izan ez arren, jada bere maila berreskuratzen ari da. Etxetik kanpo zenbaki oso onak dituzte. Gol bakarra jaso dute etxetik kanpora, arreta pizten duen datua da. Sistema defentsibo ona dute, konpromiso handikoa. Barçaren kontra neurketa bikaina jokatzetik datoz, eta horrek beti ematen du indarra». Imanolek onartu zuen seguruenik denboraldiko unerik gozoenean iritsiko dela Reala derbira, eta etxetik kanpora oso fin dabiltzala, baina derbiak beti derbi izaten direla. «Zenbakiek erakusten dute etxetik kanpo ongi lehiatzen duen taldea garela. Baina biharkoa desberdina da. Beti esaten dugu, derbi batera talde bat edo beste une onean iritsi arren, edo taldeen artean puntu tarte handia egon, derbiak beti parekatu egiten direla. Bihar berdin. Detaile txikiak izango dira erabakiko dutenak. Are gehiago San Mamesen, bertan jokatzea beti zaila delako». Oriotarrak ez zion garrantzi handirik eman ostegunean Kopako partida jokatu behar izanari, eta taldea hiru egunetik behin jokatzera ohituta dagoela adierazi zuen. OSAGAI GUZTIAKAthleticek 20 puntu ditu sailkapenean eta Realak 18, Europako postuetatik hurbil biak. Galtzea ez da tragedia handia izango, baina irabazten duenak jauzi polita egingo du. Entrenatzaileak beren hamaikako onentsuenak ateratzeko moduan dira. Derbi ederra ikusteko osagai guztiek bat egin dute, eta ea hala izaten den.