Gure gorputza gudu zelai bat da
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: “Gure gorputza gudu zelai bat da” du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek jasaten duten indarkeria salatu nahi dugu.
Gerraren testuinguruan, genero-rolak areagotu egiten dira indarkeriaren eraginez; izan ere, oro har, gatazka armatuek rolen hierarkia-asimetria dakarte berekin: pribilegio maskulinoak indartu egiten dira, femeninoa den guztia ukatuta.
Aurten, Palestinako egoera min handia eragiten ari zaigu, gure aburuz genozidio planifikatu bat delako: etxebizitzak, ospitaleak, eskolak, unibertsitateak suntsitzen ari dira; ez dute ez ura ez elikagaiak eskuratzeko aukerarik; lekualdatzera behartuta daude, eta bonbek izu ikaragarria sortzen dute. Hezkuntza-komunitateak ahotsa goratzen jarraitzen du, elkartasunez, hainbat jarduera eta mobilizazio antolatuz eta su etena exijituz.
Emakumeak gatazken parte izan dira, eta hala dira oraindik ere, erizain, zaintzaile, ama, alaba edo borrokalari aktiboak diren aldetik. Gerra-garaian, emakumeak eta neskatoak biztanleria zibilaren parte izan ohi dira baina, gizonezkoak eta mutikoak bezala, hainbat bidegabekeriaren biktima izan daitezke: era berean jasan ditzakete torturak, eraso indiskriminatuak, erailketak, mehatxuak, bahiketak, bortxazko desagerpenak, atxiloketak, espetxeratzeak, sexu-indarkeria, lekualdatzeak eta bortxazko errekrutamendua. Haurren, adinekoen, gaixoen eta abarren bizitzari eusteaz eta haiek zaintzeaz arduratu behar dute; gatazka-garaian, ordea, zeregin horiek oso zailak bihurtzen dira, eta askotan arriskutsuak ere bai (etxebizitzaren nahiz laborantzako lurren suntsiketa, elikagai-hornidura falta, GKEekiko mendekotasuna, prezioen igoera eta abar).
Tamalez, zibilen heriotza gehiago gertatzen da teknologia eta zehaztasun handiko armamentua erabiltzen denean jomuga militarrak eta zibilak bereizteko, edota lurralde militarra eta lurralde zibil «babestua» (eskolak, unibertsitateak...) bereizteko; beraz, argi dago armamentuarekin batera jomugak ere aldatu direla. Lehen Mundu Gerran zibilen bajak %5 izatera iritsi ziren; Bigarren Mundu Gerran, %66 izan ziren, eta gaur egun %90 izatera iritsi dira. Hala, genozidio bat ikusten ari gara, eta biktimak, zentzurik zabalenean (erailak, desagertuak, lekualdatuak, artatu gabeak...) emakumeak eta adingabeak dira gehienbat.
Hezkuntza-komunitate gisa, oso kezkagarria iruditzen zaigu, halaber, bideojokoen, bideoklipen eta abarren industrian militarismoaren balioak handitu izana, goretsi egiten baitira suntsiketa, inbasioa..., baina baita matxismoa eta arrazismoa ere.
Komunikabide hegemonikoek ere laguntzen dute horretan, gerraren eta ekitearen balioa nabarmentzen baitute, eta robocopen bideojoko bat balitz bezala aurkezten baitute gatazka, zentzutasunaren eta negoziazioaren balioen aurka.
Patriarkatua da emakumeontzat borroka-eremu handiena; bertan, indarkeria mota desberdinak jasaten ditugu, nahiz eta gatazka armatu bat bizitzen aritu ez. Eta horrela jaso genuen lelo honen bidez: “Ez suntsituko gaituen gerrarik, ez zapalduko gaituen bakerik; hau ez da gure bakea”. Emakumeen parte-hartzea oso urria edo hutsala da berriro ere, arrazoi geopolitikoak eta ekonomikoak kontuan hartuta gatazkak erabakitzen diren guneetan.
Gerra-jauntxoek bakarrik irabazten dute: munduko Iparreko eta Hegoko gizon zuri aberatsek, finantzariek, agintari politikoek, edo energiaren, armen eta segurtasunaren arloko korporazioek. Erakunde multilateraletan (NBE, NATO, EB), gerraren aldeko iritzi publikoa eta politikoa sustatzen duten diskurtsoak normalizatzen ari dira. Onartu eta sustatu egiten dute milaka tona arma ekoiztea eta gure portuetatik bidaltzea, gatazkak elikatzeko; hala jasotzen du “Gerra hemen hasten da” leloak.
Gayatri Spivak-ek dioenez, irabazleen taldeak «lurraldea eskuratu izanaren ospakizun metonimiko» gisa burutzen du sexu-bortxaketa. Rita Segato-k lurralde-adierazpenaren ideia horrekin jarraitzen du: emakumeen gorputzaz jabetzen dira, hura erabiltzeko eta hartaz abusatzeko, eta hori erasotzaileak emakumeen gorputzean bilatzen duen menderatze-ahalmenaren adierazpen argia da. Biktima gehienek isilean sufritzen dute, salaketa jartzeko zailtasunen ondorioz, eta horrek zigor patriarkal bikoitza dakarkie sexu-krimenen biktimei.
Gerra baten biktima diren emakumeak biktima gisa soilik aurkezteari utzi behar zaio, bizirik dirautelako; indarkeria espezifikoa jasan ondoren ere emakume aktiboak dira, eta beren esperientzia adierazteko eta partekatzeko ahotsa izan behar dute.
Gerretan giza eskubide guzti-guztiak urratzen dira, eskubide nagusitik hasita: bizitzeko eskubidea, alegia. Egungo garai honetan, ezin gara bizi beste pertsona batzuk sufritzen ari diren gerrei entzungor eginez; izan ere, eskubidea dute, guk bezala, berdintasuna, askatasuna eta zoriontasuna izateko, baldintza material berberekin.
Arbuiatu egiten ditugu gatazkarako armak gehitzea eta gerra-aurrekontuak handitzea dakarten erabakiak. Baztertu egiten ditugu segurtasunaren izenean logika autoritarioak eta militarizaziokoak indartzen dituzten diskurtsoak. Ez gure izenean! Asko gara gerrari, inperialismoari, patriarkatuari, autoritarismoari eta militarismoari ezetz esaten diogunak. Emakumeen gorputza, gure gorputzak, ez dira gudu-zelai bat, ezta konkista-lurralde bat ere.