GARA Euskal Herriko egunkaria

Rikardo Arregi Sariak, banatuta

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak «Feminizketak» elkarrizketa sorta eta «Ikusgela» proiektuarentzat izan dira. Ana Galarragak, bestalde, Ohorezko Mugarria jaso du.

Sarituak, erdian, Andoni Alvarez alkateak eta Aitor Aldasoro sailburuordeak lagunduta. (Jon URBE | FOKU)

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatu zituzten atzo Andoaingo Bastero Kulturgunean: “Berria” egunkariko “Feminizketak” elkarrizketa sortak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen “Ikusgela” proiektuak jaso zituzten Kazetaritza eta Komunikazio sariak, hurrenez hurren, 9.000 euro eta Xabier Lakak berariaz egindako ikurra hartzeaz batera. “Feminizketak” Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek ondutako lana da, eta epaimahaiak nabarmendu du «egin duten ahalegin berezia, adin, jatorri eta arlo desberdinetako puntako pentsalarien gogoetak jasotzeko sei hizketaldirekin osatutako bilduman». Bestalde, “Ikusgela”-k hainbat gairen inguruko «bideo labur, erakargarri eta dibulgaziozkoak» ekoitzi eta jendearen eskura jartzen ditu, «gazteei gertuko egiten zaien egungo eduki digitalen ohiko lengoaian». Epaimahaiak elkarteari aitortu nahi izan dio Euskal Wikipedian «hainbeste urtez egindako lan eskerga». Bi sari nagusiez gain, Ohorezko Mugarria eskaini zitzaion Ana Galarraga Elhuyarreko kideari, zientzia dibulgazioaren garrantzia mahai gainean «modu apartan» jartzeagatik.