30 NOV. 2024 Entrevista MARTXEL IZTUETA Baiko enpresako atzelaria «Ahal den heinean, frontoietaz eta txapelketaz gozatzeko erronka dut» Duela bi urte debuta egin zuenetik, Martxel Iztuetak (Tolosa, 2004) aurrerapauso nabarmenak eman ditu bere ibilbidean. Udan Mastersa jokatu zuen Jokin Altunaren bikotekide, eta orain Lehen Mailako Binakako Txapelketa Unai Lasorekin jokatzeko aukera eman dio enpresak. Gaur du estreinakoa Lizarran eta «ilusionatuta» dagoela esan dio NAIZ Irratiari. (Iñigo URIZ | FOKU) Ion GARATE Asteartean Nafarroa Arenan egindako Binakakoaren aurkezpeneko protagonistetako bat izan zen Iztueta, kasualitatez bikotekide izango duen Unai Lasorekin batera, honek Lau eta Erdiko txapela eskuratu berri. Tolosako gazteak partidaz partida aukera aprobetxatu nahi du, badakien arren, bere lehenengo esperientzia izanda, helburuak beste batzuk diren. Lehen Mailako Binakako Txapelketan jokatuko duzu hilabete luzez. Pozik al zaude emandako aukerarengatik? Dudarik gabe, oso pozik, ilusionatuta. Partida mordo bat izango dut aurretik hilabete hauetan. Eskuek errespetatuz gero, iruditzen zait paper txukuna egin dezakegula. Gogotsu, urduri... nola zaude? Denetik pixka bat. Azkenean, ez txapelketa bakarrik, zeinekin jokatzen dudan ikusita, zera pixka bat ere ematen du. Unai [Laso] beti finalen bueltan ibiltzen da. Ilusio handiz hartuko dut. Uste dut biok egoki gaudela. Ea zerbait polita egiten dugun. Espero al zenuen Binakako Txapelketan sartzea? Egia esan, esperantza banuen, udan enpresak eman dizkidan aukerak ikusita eta azkenaldian jarri dizkidan partida motak ikusita. Baina ezin da inoiz jakin. Oso pozik nago. Mastersean maila oso ona eman eta Altunarekin finalera iritsi zinen. Iruditzen zait inportantea dela lehenbiziko gauza enpresak aukera ematea. Bestela, aukera gabe ezin delako demostratu. Nahiko gustura nago egindakoarekin. Ondo lagunduta ibili naiz, baina gustura, eman dudan mailarekin. Orain Lau eta Erdiko txapeldun Lasorekin arituko zara. Honelako pilotariekin aritzea pribilegioa izango da. Dudarik gabe. Adin tartea ere badago. Nik beti telebistan ikusi ditut eta idolo bezala hartzen ditut oraindik. Beraiekin jokatzea gauza handia da. Egoera honek ardura gehiago ipintzen al dizu? Izan liteke, baina saiatuko naiz hortaz ahazten. Badakit Unaik ez didala inolako presiorik jarriko. Saiatuko gara bikote sendo bat egiten, partida guztietan borrokatzen. Biok konpetitiboak gara eta partida guztietan borrokatzen saiatzen gara. Puntuak lortzen saiatu eta ikusiko dugu hemendik hilabete batzuetara. Zerk ematen dizu errespetu gehien txapelketan? Ikusi dut, udan partida mordoa jokatuta, maila horretan lehiatu naitekeela. Baina garrantzitsuena eskuak dira. Orain arte dezente kostatu zait profesionaletan ondo mantentzea denbora luzez, eta saiatuko naiz ondo zaintzen eta partida ahalik gutxien galtzen. Ez dakit Unairekin aurretik hartu-emana izan duzun. Harremana ona da. Egia da asko ez garela egoten. Entrenamenduetan ez dugu gehiegi kointziditu, eta jokatu ditudan partidetan oso tratu ona. Pertsona oso irekia da. Inguruko guztiekin du tratu ona, eta gustura arituko naiz. Zu tolosarra zara eta Unai Iruñean bizi da. Nola egingo duzue entrenatzeko? Elkarrekin entrenatzeko aukera izango dugu, gehienbat material aukeraketa dagoenean. Saiatuko gara momentu horiek aprobetxatzen, entrenamendu on batzuk egin eta gero partidetara ondo iristen. Zein helburu dituzu? Txapelaren lehian ezin dugu jarri. Nire lehenengo txapelketa da. Atzelari handiak daude. Gure helburua da pixkanaka puntuak biltzen joatea, eta gero ahal den heinean frontoiez eta txapelketaz gozatzea. Hori lortzen badugu, gauzak ondo joango zaizkigu. Gaur estreinatuko zara Lizarran, Larrazabal -Artolaren ordezkoa- eta Mariezkurrenaren aurka, faboritoetakoak. Lehena izateko, zail samarra. Bai, bai. Partida zaila. Egia da Larrazabal Artolaren ordezkoa izango dela, baina bikote handia da hala ere. Saiatu behar dugu partida gogortzen eta azken tantora arte borrokatzen. Mariezkurrenari eustea ez da lan erraza izango, ezta? Ez, ez. Jo handikoak dira bai Mariezkurrena eta bai Larrazabal. Nire lana izango da atzean eustea; eta Unaik, duen jokoarekin, egingo du zeozer. Hori da gakoa agian, Unai ahalik gehien sartu dadila aurreneko koadroetan. Bai, garrantzitsuena hori da: Unai hor saltsan sartzea, urrutitik bada ere, jokoa nahasi eta Larrazabal nahastea. Ingurukoek zer esaten dizute? Lasai hartzeko, disfrutatzeko eta aukera aprobetxatzeko. Buruari gehiegi presionatzeak ez du ezer onerako balio. «Garrantzitsuena eskuak dira. Orain arte dezente kostatu zait profesionaletan ondo mantentzea denbora luzez, eta saiatuko naiz ondo zaintzen eta partida ahalik gutxien galtzen»