GARA
ZUMAIA

Balenciaga ontziolaren itxieraren aurkako aldarri jendetsua Zumaian

Manifestazio jendetsu batek Balenciaga ontziolaren itxieraren aurkako adierazpena Zumaiako kaleetara eraman zuen atzo arratsaldean. Enpresak hartzekodunen konkurtsoan sartzea galdegin du. Langileek lanean jarraitzeko aukera eskatzen dute. Goizean langileak Gobernu espainolaren ordezkari Marisol Garmendiarekin bildu ziren.

Zumaian atzo Balenciaga ontziolaren alde egindako manifestazioa.
Zumaian atzo Balenciaga ontziolaren alde egindako manifestazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Balenciaga ontziolaren itxieraren aurkako manifestazioa izan zen atzo arratsaldean Zumaian. Langileak ez daude prest enpresaren itxiera onartzeko eta, haien ustez, Ekonomia Ministerio espainolak kudeatzen duen Cofides funts publiko-pribatua «apropos» aritu da joan den urrian onartutako bideragarritasun plana oztopatzen.

‘Balenciaga ez itxi’ zioen pankarta baten atzean, eskualdeko langileek eta bizilagunek Zumaiako kaleak zeharkatu zituzten, ontziolatik Foruen plazara, lanean jarraitu ahal izateko irtenbide bat eskatzen, ontziolak bi itsasontzi eraikitzeko eskaerak baititu.

Balenciagak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskatu du, Cofides Espainiako Garapen Finantzaketarako Konpainiak uko egin baitio berregituraketa planari, hura saihesteko eta Zumaiako instalazioetan jarduerarekin jarraitzeko.

Duela gutxi Zumaiako ontziolako langileei adierazi zieten enpresaren hartzekodunen konkurtsoa egingo dela. Horren harira, lan baldintza txarrak salatu dituzte, hala nola jaso gabeko ordainsari batzuk. Aurreikusita dituzten mobilizazioetatik lehenengoa izan zen atzo egindako manifestazioa.

Ostegunean Lakuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu zen enpresa batzordea. Atzo goizean EAEn Gobernu espainolaren ordezkaria den Marisol Garmendiarekin batzartu ziren Balenciagako 70 langileen ordezkari sindikalak.

Hauen ustez, erakundeenen «hitz onek ez dute ekintzarik ekarri»; izan ere, «ez bazkide industrial baten sarrera ez Ekonomia Ministerioarekin lortutako akordioa ez daude ziurtatuta». David Tejera enpresa batzordearen presidenteak erakundeei eskatu zien martxan jartzeko eta «ahal den guztia» egiteko enpresa bideragarria izan dadin.

«Lan karga badaukagu. Finantzaketa falta da aurrera egin dezan. Ezin dugu orain alde batera utzi», esan zuen Tejerak goizean.

MADRIL, «LANPETUTA ETA KEZKATUTA»

Marisol Garmendiak ordezkariak adierazi zuen Ekonomia Ministerio espainola «lanpetuta eta kezkatuta» dagoela alde guztientzat konponbide «posible, egingarri eta onargarri» bat bilatzen, legearen barruan egongo dena eta Balenciaga ontziolako lanpostuei eustea ahalbidetuko duena.

Gainera, Lakuako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako beste erakunde batzuen inplikazioa ere beharrezkoa dela defendatu zuen eta, Cofidesek berregituraketa planari uko egin dionez, zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen. «Dena ez da zuria edo beltza hemen, gris asko daudelako», ohartarazi zuen.

«Enpresako gerentziak bere bertsioa izango du, baina Ministerioaren eta beste agente batzuen bertsioa ere kontuan hartu behar da», azaldu zuen.

Cofidesek Europako araudiak nahitaezkotzat jotzen ez duen «ezer ez» duela egiten ere nabarmendu zuen.