Euskal aurkezle eta bakarrizketari baten erasoak salatu ditu neska talde batek
Euskal komunikabide desberdinetan aritzen den gazte oñatiar batek eginiko eraso matxistak salatu ditu neska gazte talde batek X sare sozialean. Gizon horren «eraso fisikoak, sexualak, psikologikoak eta hitzezkoak» jasan dituztela adierazi dute, eta erantsi dute egoera horrek ezin duela «isilpean jarraitu».
«Euskal komunikabide ezberdinetan ezaguna den mutil gazte» batek eginiko «eraso matxista eta sexistak» salatu ditu emakume gazte talde batek X sare sozialean. @bukatu_da_showa izena duen kontuan egin dute publiko pertsona honen aurkako salaketa, «nazkatuta» daudelako. Izen-abizenik aipatu gabe, zenbait datu eman dute. «Herri ezberdinetan mugitu da oholtza gainean euskal artista ezberdinekin elkarlanean», eta umore arloan «bakarrizketa zein show ezberdinak gidatu» dituela aipatu dute. Zehaztu dute, halaber, «programa propio bat» daukala.
Eman dituzten datuen arabera, gaztea oñatiarra da eta «karisma handia» du, «baita babes soziala ere», baina «txanponaren alde bat baino ez da hori». Hala, «toki ezberdinetako gazteak hori salatzeko antolatu eta salaketa publikoa egiteko helburuz sortu dugu kontu hau», azaldu dute ekimenaren sustatzaileek, «ez baita eraso bakarra izan».
Argitaratutako oharrean diotenez, «asko izan gara gizon honen eraso fisikoak, sexualak, psikologikoak eta hitzezkoak jasan ditugunak; ez behin, ez bitan... erasoek denboran iraun dute, eta, gainera, ugaritu egin dira». Beren ustez, egoerak «ezin du isilpean jarraitu», eta «neurriak eta erantzukizunak hartu behar dira». Salaketa publiko honekin, eraso berriak gertatzeari ateak itxi eta emakume gehiago arriskuan ez egotea bilatzen dute. «Gure artean antolatu gara, elkar babestu eta zaindu dugu; zu ere erasotua izan bazara, jakin babestuko zaituen sare bat dagoela», helarazi dute.
Salaketaren berri izan ostean, EiTBk adierazi zuen bertan behera utzi duela, «kautelaz», bere edukietako baten ekoizpena eta emisioa, «ikus-entzunezko edukiak egiten dituen ekoiztetxe batek jakin baitu taldeko kide baten aurka eraso sexistak salatu» direla.