03 DIC. 2024 Arbasoen hizkuntza berreskuratzeko ahalegina saritu dute Mañeruibarren Gero eta gehiago dira Nafarroa erdialdean euskaraz bizitzeko hautua egiten duten familiak; eta hala, euskal hizkuntzaren presentzia gero eta handiagoa da Euskal Herriko eremu horretan. Hamarkada luzeetan egindako ahalegin nekaezina aitortu dute Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Mañeru, Zirauki, Artazu eta Girgillao herrietako familiek merezitako aitortza jaso zuten. (EUSKALTZAINDIA) M.A. Iragan maiatzaren amaieran Mañerun egindako ekitaldian Mañeruibarko (Mañeru, Zirauki, Artazu eta Girgillano-Girgillao) hainbat familiak aintzatespen berezia jaso zuten euren seme-alabak (8-12 urteko neska-mutilak) euskaraz ikas dezaten eta euskara berreskuratzeko egindako hautu irmo eta esfortzu itzelagatik. Ekitaldia IKF Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak dituzten lankidetza-hitzarmenen baitan kokatzen da, eta ospakizun giro paregabean egin zuten. Bertan izan ziren Itziar Martínez, Maria Rosario Echechipia eta Pedro Maria Apesteguia Mañeruko, Artazuko eta Ziraukiko alkateak, hurrenen hurren. Sari banaketaren aurretik, Oskar Alegria zinemagile iruindarrak horretarako propio sortutako “Gu berde iluna gara!” bideo hunkigarria proiektatu zuten Mañeruko Udaletxean. Alegriak harreman estua dauka aspalditik Nafarroako lurralde horrekin, eta sortutako lanean bertako haur eta gaztetxoei eman nahi izan die protagonismoa. Bideoan Mañeruibarko haurrek, besteak beste, euskarak bailara horretan izan duen presentziaz eta eraginaz hitz egiten dute: euskal hizkuntzaren galeratik hasi eta gaur egungo biziberritze prozesuraino. MEREZITAKO AITORTZA Sagrario Aleman Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkariak haren eta Euskaltzaindiaren poztasuna adierazi nahi izan zuen, eta Mañeruibarko udaletako bizilagunak arbasoen hizkuntza berreskuratzeko egiten ari diren ahalegina saritu nahi izan dutela azpimarratu zuen. Zentzu horretan, Nafarroa luze zabaleko gainontzeko herri eta familiei bide bera hartzeko deia luzatu nahi izan zien. Bestalde, IKFko presidente Enrike Diez de Ultzurrunek adierazi zuenez, «euskarak atzera egin zuen XIX. mendean, hainbat faktorerengatik, besteak beste, haur euskaldunek eskolan jasandako kargu hartzeengatik. Orain, batez ere herritarrei esker, familiei esker, euskara berpiztu eta Mañeruibarren izango da berriro, eta gaur horixe eskertu nahi izan dugu». Horrez gain, Diez de Ultzurrunek aipatu zuen horrelako ekimenak oso errotuta egon izan direla Nafarroan, gerra aurretik hasi baitziren egiten, Iruñeko Euskeraren Adiskideak elkartearen bitartez. IKFko presidenteak gogora ekarri zuen, halaber, gerra ostean, 1957tik aurrera, Nafarroako Diputazioak 7.000 haur euskaldun saritu zituela, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta motibatzeko. IRUDIAREN INDARRA Arestian aipatu legez, Oskar Alegria zinegileak egindako lanak euskararen biziberritzea islatu nahi izan du ikus-entzunezko sorkuntza hunkigarri baten bitartez, eta bide batez, familiek euskararen alde egindako lana aitortu nahi izan du. Alegria gaur egun mundu osoan zehar dabil 2023an filmatutako bere azken lana lau haizetara zabaltzen. Sorkuntza horrek Zinzindurrunkarratz du izenburu eta hainbat lehiaketatan saritua izan da, hala nola, Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol, Florentziako Festival dei Popoli, New York DOK eta Valladolideko Seminci-n. Film horretan, haren aitona artzainak Artazutik Andia mendilerroraino egiten zuen bidea kontatzen du Alegriak, egindako ibilbidea eta hark bizi izandako bizipen eta soinuak berreskuratuz.