GARA Euskal Herriko egunkaria

Galesko politikari eta ikerlariak, Euskal Herriko arnasguneak ezagutzen

Galesko politikari eta ikerlariz osatutako ordezkaritza bat Euskal Herrian izan zen irailean, euskararen arnasguneak babesteko egiten ari den lana ezagutzeko. Euskalgintzako hainbat eragilerekin bildu ziren, baita UEMAko ordezkariekin ere.

Galesko ordezkaritza euskalgintzako eragileekin elkartu zen. (UEMA)

Euskal Herrian bezala, Galesen ere badaude arnasguneak deitzen dieten lurralde eremuak non gaelikoaren erabilera beste lurraldeetan baino dezente handiagoa den. Arnasgune horiek biziberritzeko proiektu bat jarri dute abian han, eta UEMArekin hemengo eta hango arnasguneen inguruan aritu ziren bileran. Euskararen arnasguneei buruz gehiago ikasi, eta haienean zer aplika dezaketen ikusteko etorri ziren Euskal Herrira.

Programak arnasguneak jarri ditu lehentasun gisa, gero gainerako eremuetara zabaltzeko helburuz. Gwynedd, Ceredigion, Ynys on eta Caerfyrddin dira gales hiztun kopururik handiena duten konderriak. Hala eta guztiz ere, komunitate horietako hiztun askok utzi dute lurraldea urteetan zehar, eta horrek hiztun komunitateak indarra galtzea ekarri du.

Orain, sustapen ekonomikoaren bidez, besteak beste, hiztun kopurua berreskuratzea dute xede. 2022an jarri zen martxan proiektua eta 2025eko martxoan amaituko da. Hamaika milioi librako aurrekontuarekin finantzatu du Galesko Gobernuak “Arfor” izeneko proiektua.

Proiektuaren koordinatzaile den Anwen Daviesek azaldu zuenez, «gazteek ihes egiten dute arnasguneetako beren bizilekutik unibertsitatera, beren gaitasunak eta anbizioak garatzera. Nola lortu dezakegu haiek itzultzea, galesa bizirik mantentzeko?».

Clive Davis, Ceredigion konderriko Ekonomia zinegotziak ere kezka berbera erakutsi eta adierazi zuen erronka dela ihes egiten dutenei geratzeko arrazoiak ematea. «Saiatzen ari gara jendeari erakusten badaudela aukerak itzultzeko. Badaude aukerak, badaude azpiegiturak, eta ez dute hirietara joan behar ondo ordaindutako eta kalitate handiko lanak lortzeko».

UEMArekin egindako bileran, aurrera begira ere arnasguneetarako estrategiei buruz hizketan jarraitzeko asmoa agertu zuten bi aldeek.