03 DIC. 2024 Gora egin dute euskararen ezagutzak eta erabilerak Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) 2022. urteari buruz egindako azterlan baten arabera, Nafarroako biztanleriaren %26,7k euskararen ezagutzaren bat du eta %15,1 euskal hiztuna da. Hazkundea txikia izan arren, joera positibo bat markatzen du euskararen normalizazioaren helburuan. Euskararen mapa Nafarroan, azken datuen arabera. (NAFARROAKO ESTATISTIKA ERAKUNDEA (NASTAT)) M.A. Iragan maiatzean argitaraturiko datuen arabera, Nafarroan 2022an hiru urte edo gehiagoko euskal hiztunen ehunekoa %15,1 izan zen, euskaldun hartzaileena %11,6 eta ez-euskaldunena %73,3. Hala, 2021. urtearekin alderatuta, euskaldunen ehunekoa bi hamarren hazi zen, eta euskaldun hartzaileen kopuruak ez zuen inolako aldaketarik izan. Dena dela, datuak aztertu eta ondorioak ateratzeko orduan komeni da zenbait aldagai aintzat hartzea. Esaterako, adinari dagokionez, ikus daiteke 24 urtetik beherakoen artean euskaldunen kopurua %25etik gorakoa dela, eta adinak gora egin ahala, behera egiten duela pixkanaka, 65 urte edo gehiagokoen artean %8,3ra iritsi arte, hain zuzen ere. Bestalde, euskal hiztunen ehunekoa, 25 urtetik beherakoen artean, aurreko urtearen (2021) antzekoa da. Nabarmentzekoa da euskal hiztunen portzentajean alderik handiena 25-34 urte tarteko biztanlerian jazo dela, kopurua zazpi hamarren igoz, 2021ean %18,9 izatetik 2022an %19,6 izatera, alegia; 35-44 urtekoen artean, aldiz, ehuneko hori sei hamarren igo da (%13,1) eta 45-54 urtekoen artean bost hamarren (%10,6). JATORRIA ETA EREMUAK Esan beharra dago jaioterriak markatzen dituela, hein handi batean, biztanleriaren euskara ezagutza eta erabilera. Hala, atzerriko nazionalitatea duten pertsonen %1,1 dira euskaldunak, %2,8 euskaldun hartzaileak eta %96,1 ez-euskaldunak; aldiz, nazionalitate «espainiarra» duten biztanleen %17 euskaldunak dira, %12,8 hartzaileak eta %70,2 ez-euskaldunak. Nafarroako eremu linguistikoen aferak ere berebiziko garrantzia du hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran. Izan ere, aipatu ikerketaren arabera, eremu euskaldunean jaiotako pertsonen %74,3 euskaldunak dira, eta aldiz, soilik %2,9 dira euskal hizkuntzaren jabe eremu ez-euskaldunean jaiotakoen artean. Era berean, azpimarragarria da EAEn jaiotakoen %36 euskaldunak direla, baina, aldiz, eremu ez-euskaldunean jaiotakoen %86,9; beste erkidego batean jaiotakoen %92; eta atzerrian jaiotakoen %95,5. Aurreko urtearekin alderatuta (2021), ikus daiteke 2022. urtean eremu mistoko biztanle euskaldunen ehunekoa hiru hamarren igo dela, eta eremu ez-euskaldunean bizi direnen ehunekoa hamarren bat. ALDE HANDIAK Eremu euskaldunean kokaturiko udalerriei dagokienez, euskal hiztunen ehunekoa %80tik gorakoa da Nafarroako 272 udalerrietatik 20tan. Horien artean Urroz da euskal hiztunen ehuneko handiena duena (%95,9); ondoren, Arantza (%91,8) eta Araitz (%90,5). Kontrara, 18 udalerritan euskal hiztunen ehunekoa biztanleriaren %1 baino txikiagoa da, gehien-gehienak eremu ez-euskaldunetakoak. Azkenik, ikerketak argi uzten du Nafarroako biztanleen hezkuntza mailak ere baduela eragina euskal hizkuntzaren ezagueran. Datuen arabera, oinarrizko ikasketak amaitu dituzten pertsonen artean %5,3 da euskaldunen portzentajea, eta %18,1ekoa, ordea, goi mailako ikasketak amaitu dituztenen artean. Euskal hiztunen kopurua %80-tik gorakoa da 272 nafar udalerrietatik 20-tan. Horien artean Urroz da euskal hiztunen ehuneko handiena duena (%95,9); ondoren, Arantza (% 91,8) eta Araitz (%90,5).