03 DIC. 2024 JOPUNTUA Kontukantari Mikel IBARGUREN Idazlea Ez dakit zer pasatzen den azkenaldi honetan...». “Sarri, Sarri” abestiak ez du nonbait zoru etikoa errespetatzen; etika ez da, ordea, hetika, eta etikoa denaren zein ez denaren arteko marra betikoek ezartzen jarraitzen dute. Baina bizitza hobeak eraiki daitezkeela irakurri diot Argentinako Luciana Cadahia filosofoari. Bihotz-altxagarri egin zait. Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela entzun diot, aldiz, Idurre Eskisabeli. Delikatua da egungo sujeta, baina larrialditik indarraldirako bidea dute hartuko. Xabier Amuriza bertsolari eta jakintsuak euskara eta herria makal ditu ikusten; ez du euskara hizkuntza sozial hegemoniko izango den itxaropenik. Azken maldara iritsi dela esan digu −inolako epikarik gabe−, bizitzako sentimendurik sakonenetan bakarrik aurkitzen garela. Gure bizi-denborarekin sistema kapitalistaren kuotak erosten ditugula zioen Pepe Mugica jakintsuak ere bere azken agerraldian. Itzulerarik ez dagoen bidaiari ekitera doala zioen. Bizitzak zenbat duen ametsetik eta zenbat errealitatetik galdetu nahiko nioke gustura. Yamandu Orsi Uruguaiko presidente hautatu berriak gehiengoarentzat poza itzuliko dela esan zuen jendaurrean. Xabier Amurizak desiratzen duen poz hori, eta ez marketinezkoa dela dioen zoriona. Poza eta bizitza hobeak etorkizuneko aldarri modura, gauaren luzean argi egiten duten itsasargiak legez. Ez da gutxi bizi dugun hondamendi guztiaren aurrean. Eta utopia norabidea balitz, ezleku baten ordez? Auskalo, baina jendeak etorkizunaz hitz egiten duela gaztigatu digu Benito Lertxundik −«Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi?»−, baina existitzen ez den horretaz hitz egitea dela diosku; egunetik egunera bizi behar dela eta kito. «Gure asmoak, esperantzak, herria, askatasuna, justizia, pakea, egia, maitasuna... mitoak, hitz hutsak» ote dira belaunaldi berriarentzat? Batek daki, baina urte berria proklamatu aitzin «Atzar hadi! Ene euskaldun haurride. Atzar hadi! Euskal Herriaren alde...». (bis). Sinetsi nahi nuke, neure kautan, denbora ez dela alferrik pasatzen. Poza eta bizitza hobeak etorkizuneko aldarri modura, gauaren luzean argi egiten duten itsasargiak legez. Ez da gutxi bizi dugun hondamendi guztiaren aurrean