GARA Euskal Herriko egunkaria

Kolpe saiakera egin zuen Hego Koreako presidentea, amildegian

Yoong Suk Yeol presidentea. (JAE-Hwan | Europa Press)

Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidente kolpista amildegiaren ertzean dago, bere alderdiaren babesa galdu ondoren.

Yoon ez da agertu, asteazken goizaldean Salbuespen Egoera ezarri eta, handik ordu batzuetara, herritarren eta oposizioaren presiopean, bertan behera utzi zuenetik. Atzo Han Dong-hoon bere alderdiko buruarekin, PPP kontserbadorearekin, bildu zen.

Oposizioko talde politikoek zortzi boto beharko dituzte gaur Parlamentuan bozkatuko den kargutik botatzeko mozioak ganbararen bi herenak lor ditzan.

Horregatik, ikusmin handia zegoen PPP alderdiaren goi bileraren inguruan.

Amaitutakoan, argi eta garbi mintzatu zen Han. «Ezagutu berri ditugun gertakarien aurrean, uste dut beharrezkoa dela Yoon Suk-yeol presidentea kargutik berehala botatzea, Koreako Errepublika eta bere herria babesteko», adierazi zuen Hanek bere alderdiaren larrialdiko bilera batean.

Yoonek bera, bere alderdiko buruzagia edo Lee Jae-myung, Alderdi Demokratikoko (PD) oposizioko alderdi nagusiko burua atxilotzeko agindua eman zuela «froga fidagarriekin» baieztatu duela esan zuen, eta, presidenteak boterean jarraituz gero, horrelako ekintzak herrialdean errepikatzeko «arrisku handia» dagoela ohartarazi zuen.

Presidentearen beste indar kolpe baten beldur, oposizioko diputatuek hemizikloan kanpaldia egitea erabaki zuten, gaur gauean kargugabetze mozioa aztertu arte.

Azken orduetan, Armadaren barruko mugimendu «susmagarrien» berri eman dute zenbait ahotsek. Kim Seon-ho Hego Koreako jarduneko Defentsa ministroak aukera hori guztiz baztertu zuen.

Milaka eta milaka pertsona zeuden Parlamentuaren aurrean, eta manifestazio erraldoia espero da gaurko.