08 DIC. 2024 KIROLA Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta bikoteek bigarren puntua eskuratu dute Aspeko bikoteak mendean hartu du Etxeberria-Martija, Iruñeko Labrit pilotalekuan (22-15). Baikokoak, berriz, Jaca-Imaz bikotea azpiratu du, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (18-22). Sailkapenean, gorengo koskan daude bi bikoteak, puntuetan berdinduta. Ezkurdia eta Peio Etxeberria, irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Ezkurdia-Rezusta eta Etxeberria-Martija bikoteen arteko lehiak bi zati izan zituen. Lehenengoan bikote nafarra izan zen nagusi; bigarrenean, berriz, Arbizuko aurrelariak eta Bergarako atzelariak markagailua iraultzea lortu zuten. Atzetik aurrera egin zuten Ezkurdiak eta Rezustak. Hasieran ezinean aritu ziren, Etxeberriaren joko biziari ezin tankera hartuta. Pilota gastatzen joan zen heinean, baina, pixkanaka markagailura gerturatzen hasi ziren, pilota motelagoa ere atera zuten, eta berriro ere partida bikaina jokatu zuten Binakako Txapelketan bigarren puntua lortzeko. Lehendabiziko jardunaldian Elordi eta Zabaleta duela bi urteko txapeldunak menderatu zituzten. Sailkapenaren gorenean dira. Etxeberria eta Martija bikoteak, aldiz, ez du oraindik punturik bildu. Txapelketako lehen partidan ezin izan zuten Altuna III.a-Aranguren bikotea azpiratu. Bizi-bizi jokatzen hasi ziren nafarrak. Zenotzeko aurrelaria ohikoa duen joko azkar eta bizia egiten hasi zen, eta gorriak ezinean aritu ziren. Zenoztarra ez ezik, Martija ere pilota gozatzen ari zen; 0-2koan zartada ederra eman zion pilotari, errebotean utzita. Etxeberria eta Martija 3-7 aurretik zihoazen markagailuan, eta orduan iritsi zen gorrien erreakzioa. 8-1eko partziala egin zuten Ezkurdiak eta Rezustak. Pilota motelagoa atera zuten, eta 10-9 aurretik jarri ziren markagailuan. Orduan, Ezkurdiak huts egin zuen pare bat tantotan, eta urdinak aurretik jarri ziren berriro ere (11-13). Baina, hortik aurrera, Ezkurdiak eta Rezustak tanto bat bestearen atzetik egin zuten, 21-13 tantora iritsi ziren arte. Airezko jokoa baliatu zuen Arbizuko aurrelariak aurkariei min egiteko. Bergarako atzelaria ere ez zen atzean geratu. 17-13 tantoa ikusgarria izan zen. Bosgarren koadrotik horma-biko dotorea egin zuen Rezustak, lehenik ezker pareta joaz. Urdinak zertxobait suspertu baziren ere, beste bi tanto eginda (21-15), azken tantoan Martijak huts egin zuen, eta gorriak izan ziren nagusi. «ERREAKZIO AZKARRA» Partida amaitu berritan, Rezustak adierazi zuen hasieran gauzak ez zirela ondo hasi, baina ondorengo erreakzioa «nahiko azkarra» izan zela: «Hasieran tanto azkarrak izan dira. Ezin genuen guk nahi genuen erritmoa ezarri. Peiok sekulako erritmoa jarri du saketik hasita. Ezin genion piloteoari bueltarik eman. Hala ere, erreakzioa nahiko azkarra izan da. Gero partida gogortu egin da, eta bigarren zatian uste dut guk hobeto eutsi diogula». Binakako Txapelketari bikain ekin diote Rezustak eta Ezkurdiak. Bergarako atzelariaren hitzetan, «hobeto» ezin ziren hasi: «Bitik bi. Sentsazio aldetik ondo. Garrantzitsua da horrelako momentuetan elkarrekin egotea eta gogor lan egitea. Buelta ematen jakitea garrantzitsua da». Datorren asteburuan Altuna III.a-Aranguren bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak Bartzelonan. Hasiera honek «lasaitasuna» ematen diela adierazi zuen: «Bartzelonara bi partidak galduta edo bi punturekin joatearen artean aldea dago. Partida diferentea izango da. Urruti samar, baina gogotsu gaude». PILOTA MOTELAK Rezusta pozik eta Martija triste, nahiz eta partida hasieran sentsazio «oso onak» izan zituen: «Uste dut oso ongi hasi garela. Nik, behintzat, sentsazio oso onak nituen, gustura nengoen. Gero uste dut pilotak asko geratu direla, eta ezin genuen minik egin. Beñat eroso zegoen, eta nik ezin nion pilotarik kendu. Josebak bolearekin min handia egin du». Pilota geldoek eragina izan duten galdetuta, Etxeberriko atzelariak adierazi zuen hasieran «min» egiten zutela, baina gero beste pilotarekin ez dutela asmatu: «Beraiek lasai eta eroso zeuden». Ez dute oraindik punturik bildu. Horren inguruan, Aspeko atzelariak adierazi zuen puntuak «lehenbailehen» lortu behar dituztela: «Puntu bakoitza oso garesti dago. Datorren astean aukera polita dugu. Badakigu Zabaletak zenbat jokatzen duen. Bikote gogorra da, eta ea zorte hobea dugun». Elordi eta Zabaletak osatutako bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak hirugarren jardunaldian. LASO-IZTUETA GARAILELasok eta Iztuetak bigarren puntua eskuratu dute Binakako Txapelketan. Jaka eta Imaz azpiratu dituzte Bilboko Bizkaia pilotalekuan (18-22). Aspekoekin berdinduta, Baikoko bikotea sailkapenaren gorengo koskan dago bi punturekin.