Iratxe FRESNEDA
Ikus-entzunekoetako irakasle eta ikertzailea

Kantu berri bat gara

Kantu bat garela dio Jon Maiak. Bagara, eta gureak egiten ditugu kantatzen ditugun abestiak. Jonek gonbita luzatu zidan, gustukoen, maiteen, ditudan abestien inguruan idazteko, nire bizitzako une bereziak markatu dituzten abestiak oholtzara eramateko “Kantu berri bat gara” ikuskizunean. Egia esan, markatu nauten abesti gehienak partekatuak izan dira, garai eta pertsona desberdinekin. Egin nuen azken abesti zerrenda, adibidez, Mohamedekin sortu nuen, autoan, “Tetuán” filmaren errodajetik bueltatzen. Une hartan, berak ez zituen hiritar bihurtzen zaituzten paperik, baina kantatu genuen.

Norberak baditu bere zerrendak, bizitzako une pozgarri eta malenkoniatsuekin lotzen dituenak, baina badira memoria kolektiboarekin bat egitera eramaten gaituztenak. Horiek denak hartzen ditu eskutik Jon Maiak bere kantaldiaren parte bihurtzeko, energia kolektibo bat oholtzatik besaulkietara eramateko. Zenbat zor diegun sortzaile eta kantariei, are gehiago euskaraz egiten dutenei. Benito Lertxundi, beharbada, ez da agertokietara bueltatuko, baina bere musika gurekin geldituko da eta etorriko dira besteak. Laboak garden kantatu zuen: “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo duten zuhaitz adaxka gazteak. Beren aukeren jabe eraikiz, ta erortzean berriro jaikiz, ibiltzen joanen direnak: Gertakizunen indar ta argiz, gure ametsa arrazoi garbiz, egiaztatuko dutenak”.