09 DIC. 2024 KIROLA Partida serioa jokatuta, Reala talde eraginkorra izan da Leganesen aurka Laugarrenez jarraian irabazi du Realak bere atea hutsean utzita. Ez du distira handirik egin Leganesen aurka, baina ate aurrean izandako eraginkortasunari esker hiru puntuak poltsikoratu ditu. Brais, Barrenetxea eta Oyarzabal izan dira golegileak. Mikel Oyarzabal Realaren lehenengo gola ospatzen, Braisek baloia sareratu ondoren. (EUROPA PRESS) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Reala hasi da pixkanaka Europan egoteko behar duen martxa hartzen. Ligako azken hamabost puntuetatik hamabi poltsikoratu ditu Imanol Alguacilen taldeak. Atzo Leganesen aurka partida serioa jokatu zuten txuri-urdinek, ez zuten distira handirik egin, baina eraginkortasunari esker, 0-3ko emaitza sendoarekin itzuli ziren Donostiara. Hiru puntu poltsikoan, laugarrenez jarraian atea hutsean utzita, eta aurreko jokalariak konfiantzaz gainezka, ate aurrean asmatu zutelako. Brais Mendezek egin zuen lehenengoa; asteko bigarrena du galiziarrak. Barrenetxeak egin zuen bigarrena, bigarren zatian zelairatu eta ukitu zuen lehenengoa sareetara bidaliz. Eta Oyarzabalek sartu zuen hirugarrena, luzapenean. Albiste txarrena, taldeko hiru jokalarik zelaia utzi behar izan zutela, min hartuta. Horiek Aihen, Zubimendi eta Sergio Gomez izan ziren. Nafarra lehen zatiko 30. minutuan lesionatu zen, baloi baten bila salto egin ostean gaizki erori zelako. Bizkarrean eta saihetsetan hartu zuen min. Zubimendik eta Gomezek bigarren zatian utzi zuten zelaia. SUCICEN AUKERA Segituan jarri zitzaion alde partida Imanol Alguacilen taldeari. 13. minutuan Brais Mendezek egin zuen 0-1ekoa. Jokaldi paregabea egin zuten donostiarrek. Beste behin, Take Kubok hasi zuen jokaldia, berriz erakutsiz askorik ez duela behar arriskua sortzeko. Japoniarra eskuin hegalean zela, zelai-erdian kontrolatu zuen baloia, aurkariari iskin egin, eta, ohi duen bezala, erdialdera gidatu zuen baloia. Burua altxatu eta ezkerrera egin zuen pasea. Hantxe zegoen Sergio Gomez. Azken honek baloia erdiratu, Sucicek hankak ireki zituen baloia azpitik joan zedin, eta hortxe iritsi zen bigarren lerrotik galiziarra, txuri-urdinen lehenengoa sartzeko. Orduan, Leganesek pauso bat aurrera egin behar izan zuen eta, horren eraginez, Realak aurrean espazio gehiago zuen korrika egiteko. Horrelaxe iritsi zen txuri-urdinen bigarren aukera garbia. Remirok hankekin duen joko ona aprobetxatuz, nafarrak luze pasatu zion baloia Oyarzabali, kapitainak kontrol ederra egin zuen, eta, area zapalduta, Sucic etor zedin itxaron zuen. Erdilari austriarra areara iritsi zenean, orduan pasatu zion eibartarrak baloia, baina Sucicen jaurtiketa Dmitrovicek alboratu zuen. Geldiketa handia egin zuen Leganeseko atezainak. Atsedenaldira 0-1 joan ziren txuri-urdinak, Sucicek bigarrena sartzeko izan zuen aukera paregabea buruan. Zorionez, bigarren zatian, Imanol Alguacilen jokalariak ez ziren oroitu austriarrak gola sartzeko izan zuen aukeraz. Leganesek zertxobait kikildu zuen Remiro bigarren zatian. 53. minutuan atezain nafarrak geldiketa bikaina egin zuen baloia kornerrera alboratuz, Oscarrek buruz errematatu ostean. Realak partidaren agintea guztiz hartu ez bazuen ere, nahiko kontrolpean izan zuen neurketa. 72. minutuan ezusteko txiki bat izan zuen Aguerdek. Alboraketa batean huts egin zuen, baina jokoz kanpo zeuden Leganeseko bi aurrelariak. Hutsegite hori kenduta, sekulako partida egin zuen marokoarrak. Jokalari azkarra da, buruz ezin hobeki moldatzen dena, eta baloi irteeran taldeari gauzak asko errazten dizkion jokalaria. Atzeko lerroan bikote ederra osatzen dute berak eta Zubeldiak. 77. minutuan iritsi zen Realaren bigarrena, alboko falta baten bitartez. Braisek ezarritako baloia ez zuen ondo alboratu Leganeseko defentsak. Arrantzaleak itsasoan nola, halaxe zegoen Barrenetxea. Baloia area ertzean zegoela harrapatu zuen, eta zutoinetik gertu jaurti zuen ezker hankarekin. Ukitutako lehenengo baloia sareetara bidali zuen. Laugarren gola du sasoi honetan, eta atzo estreinatu zen ligan. Hirugarrena sartu aurretik, bigarren zatian zelairatu zen Beckerrek izan zuen aukera bat atea zulatzeko, baina Leganeseko atezainak jaurtiketa alboratu zuen. Luzapenean egin zuen hirugarren eta azken gola Oyarzabalek. Barrenetxeak eta Sucicek jokaldia ondu zuten ezker hegaletik, area barruraino sartu zen donostiarra eta eibartarrari pasatu zion. Kapitainak ez zuen hutsik egin ezker hankarekin. Laugarren gola ligan Oyarzabalentzat. Azken bost partidak irabazita, datorren ostegunean Dinamo Kieven aurka jokatuko du Realak Anoetan (21.00). «BIKAINA»Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea pozik agertu zen partida amaitu berritan: «Partida bikaina egin dugu. Alor defentsiboan, beraiek aukera gutxi sortu dizkigute, eta guk gure gol aukerak sortu eta asmatu egin dugu. Horrela errazagoa da irabaztea. Atea hutsean, eta hiru gol egin ditugu etxetik kanpo».