Amaia EREÑAGA
DURANGO
59. DURANGOKO AZOKA

Benito Lertxundiren itzalpean, adio beroa aurtengo Azokari

Benito Lertxundik ospetsu egin zuen «Oi ama Eskual Herri» kantatuz itxi zituen atzo ateak Azokaren 59. edizioak: txalo andanak, eta, segidan, trumoi handi batek burrunbatu zuen Landako gunea. Euskal kulturaren plazaren itxiera ikusgarri eta hunkigarriaren aurretik, baina, «termometroa» jarri nahi izan genion. Jendetsua izan da, eta sektorea, pozik.

Euskal musikariak, Benito Lertxundiri egin zitzaion omenalditxoan.
Euskal musikariak, Benito Lertxundiri egin zitzaion omenalditxoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Jende kopuru polita mugitu zen atzoko egun osoan zehar Durangoko Azokan. Ez zituzten Landakoko ateak itxi behar izan, aurreko egunetan legez -ostirala izan zen egun jendetsuena-, baina bisitari kopurua espero zena baino handiagoa izan zen, eguraldiak etxetik ateratzeko gogoa pizten ez zuela kontuan izanda.

Azken unera arte erakusleiho honek eskaintzen zuenari zukua atera ondoren, 18.00etan itxi zituen ateak aurtengo edizioak, Benito Lertxundiri esker ona erakusteko egin zen ekitaldi batekin: hainbat musikarik eta sortzailek “Oi ama Eskual Herri” abestia kantatu zuten areto nagusian, baina Landako gune osoan entzun eta kantatu ahal izan zuten bertaratu zirenek.

Horrela agurtu zuten aurtengo edizioa. Datorren urtekoa, 60.a, abenduaren 5etik 8ra egingo da.

GEREDIAGAK ERRONKA BERRIA JARRI DU

Pozik agertu zen Gerediaga elkartea arratsaldeko lehen balorazioan: «Kulturazaleei Durangoko Azokara etortzeko dei egin diegu, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko katebegia direla aitortuz, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu kulturazaleak ardura hori hartzeko prest daudela. Horrek guztiak pentsatzera garamatza, kulturazaleek agertu duten nahia praktikara eramateko egiturazko espazioak ugarituko bagenitu, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lukeela urte osoan zehar. Erronka hori daukagu Durangoko Azoka aurrera ateratzen dugun kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleok».

Ez zuen daturik eman, baina jendetsua izan da edizio hau. Esate baterako, aurreneko egunean, Euskal Herri osotik 100 bat autobus gerturatu ziren Durangora eta, horrez gain, guneetako aurkezpenak jendetsuak izan dira. Halere, edukieraren kontrolek ilarak sortu dituzte: «Jakitun gara kulturazale askorentzat ez dela bisita erosoa izan -aipatu zuen Gerediagak-, eta erakutsitako jarreragatik eskerrak eman behar ditugu. Hurrengo edizioetan irtenbideak aurkitzen saiatuko gara».

Benito Lertxundi ez da Azokan izan, baina bere itzal luzea, bai. Seguruenik, gehien saldu direnen artean egongo da “Gernika kontzertuan” (Kantaita Enea), oholtzatik egin duen agurraren isla bihurtu dena. Olatz Zugasti aurkitu genuen erakusmahaian, saldu eta saldu. LPa agortuta zegoen jada. Hainbat talderen standetan ikusi genuen «Dena salduta» kartela. Ziztu bizian saldu zirelako; esate baterako, Zea Maysen “Elektrizitatea”.

Denetariko erosleak bertaratu ziren Benito Lertxundiren disko bikoitzaren bila. «Hau gure kontzertuetan ere islatzen da -esan zuen Olatz Zugastik-. Benitok dioen bezala, gure kontzertuetan belaunaldi desberdinak ikusten dira; bestela ez zuen iraungo hainbeste denbora. Eta gure kontzertuetara entzule berriak etorri direlako joan gara irauten. Hemen ere antzematen ari gara berotasun hori, samurtasun hori».

REPARAZ, ILUSIORA KONDENATUTA

Etengabeko ilara baten buruan -sinatzen, argazkietarako posatzen, jendearekin hizketan- ikusi genuen Pello Reparaz Azokan zehar. Zetak taldeko kantariak sei-zazpi ordu inguru eman ditu egunero erakusmahaian, aitortu zigunez. Ilaran, pazientziaz eta euripean itxaroten, familia asko. «Zorionez, guk daukagun pertzepzioa da adin desberdin askotako jendearengana heltzen garela. Gurea, batez ere, 25-30 urte tartean dago, baina denetarik dago, familia osoak azaltzen zaizkigu».

Azokarekin ere, pozik agertu zen: «Itxaropenera kondenatzen nau, Durangok gure euskararen ekosistemari bultzada ematen diolako». Euskalgintzari tenperatura hartzeko baliagarria den hitzordua dela esan bai, baina aitorpen bat ere egin zigun: «Lehenengo egunean [ikasleen egunean] nahiko katastrofista jarri nintzen, niregana zetozen txikitxoetariko askok espainolez egiten zidatelako. Halere, ameskeria moduko bat izan zen, gero ikusi dudalako benetan indartsu gaudela euskalgintzan, kultura arloan behintzat, eta euskara entzun da barra-barra, etenik gabe, eta hori gauza ederra da».

Euskal musikagintzaren suspertze bat ez al da nabaritzen azken garaiotan?, galdetu genion. Izan ere, taldeen kontzertuak iragarri eta sarrerak berehala agortzen dira: «Euskal musikagintza oso babestua izaten ari da azken garaian. Kontzertuekin eta sarrerekin, adibidez, bizitzen ari garena ikaragarria da. Orain dela sei urte, Vendettarekin, nire aurreko proiektuarekin, 6.000 lagun batzeko aukera izan genuen gure despedidan, Iruñean, eta hori historikoa izan zen, erokeria hutsa. Orain, Zetak taldearen bosgarren urteurrenean, 30.000 lagun bilduko ditugu Iruñean [“Mitoaroa” kontzertuak Nafarroa Arenan urtarrilaren 3 eta 4an egingo dira]; beraz, hor zerbait gertatu da, eta hori ederra da; gurea bezalako proiektu bati hauspoa ematen dio beste proiektu batzuk egiteko».

BERRIAK ETA BETERANOAK

Musika Zuzenean zigiluaren standean Koldo Otamendi aurkitu genuen. «Gurean denetarik dago: batzuek zero kopia saldu dituzte eta beste batzuek, dezente. Talde berriak dira gureak. Gure standean daude Azokako nobedadeen erdiak -esan zuen, umorez-, 66 nobedade daudelako hemen. Guretzat inportanteena da hemen egotea».

Baina, musikako aditu gisa, nola bizi izan du Azoka hau? «Azokan alderdi desberdinak daude. Badira arrakasta handiko talde popularrak; esaterako, Izaro; eta bestetik, bidea egiten hasi diren taldeak. Hemen proiektu txiki asko dago bere standarekin. Horientzat, nahiz eta gutxi saldu, erakustoki gisa balio du. Azkenean, stand bat badaukazu, jendeak, aurretik pasatzean, taldearen izena ikusten du, logoa.. Eta agian ez du ezer erosiko, baina izena geratzen zaie».

Garazi Arrula Txalapartako editorearena izan zen Azokaren bezperan Landakora egin genuen bisitan ikusi genuen lehen aurpegi ezaguna. «Liburu batzuk agortu dira -esan zuen atzo-, baina gurean, behintzat, azken urteetan joera argi bat dago: nabarmentzen dira pare bat izen, baina gero nahiko banatuta dago salmenta. Beti saltzen dira funtsean ditugun liburuak, orain dela hogei urtekoak, adibidez, eta hori aberasgarria da, horrelako feria handiak ikusgarritasuna eman beharko lukeelako». Hortaz, merezi al du Durangora etortzea? «Ez da aukera bat etortzea ala ez etortzea, eta ez bakarrik salmentengatik, baizik eta ikusgarritasunagatik eta harreman bat ematen delako irakurle eta harpidedunekin. Durangora etortzea beti da aberasgarria».