I.S.
DONOSTIA
KIROLA

Elordik eta Zabaletak faborito zergatik diren erakutsi dute

Abiapuntu txarra ahazteko, lehendabiziko puntua lortu zuten Elordik eta Zabaletak, zuzen jokatuz eta Altuna eta Arangureni astindu ederra emanda.

Elordirekin batera, erakustaldia eman zuen Jose Javier Zabaletak Donostian.
Elordirekin batera, erakustaldia eman zuen Jose Javier Zabaletak Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bikoteak aurkeztu zituzten egunean, askok Elordi eta Zabaleta txapelketako faborito zirela esan zuten. Lehendabiziko jardunaldian ez zuten asmatu, eta atzoko partidara zalantzaz gainezka zetozela zirudien. Gainera, aurrean zituzten Altuna eta Arangurenek lehen puntua irabazi zuten, irudi ona emanez.

Partida hasi bezain pronto ikusi zen, ordea, joera horiek ez zirela atzo berretsiko.

Altunak sakerako hautatutako pilotarekin aurreneko tantoa egin eta segidan beste zazpi tanto egin zituzten urdinek, zuzen eta erraz jokatuz. Aurkarien pilota horixe erabili zuten Elordik eta Zabaletak partida osoan.

Sakea berreskuratuta, hasierako bolada hori eteten ahalegindu zen Altuna, baina kale egin eta markagailua 13-2raino joan zen erreskadan.

Zortea ere alde izan zuten urdinek, are, kale egin zuten zenbaitetan tantoa lortzeraino. Gorriek, ordea, lana erruz egin behar izan zuten… Tantorik ez egiteko.

Bitartean, Zabaletak eta Elordik dena ondo egin zuten, oso serio jokatuz. 13-2koarekin, dena alde zuten.

Jarraian, urdinen beste zazpi tanto etorri ziren segidan, 20-3raino. Argi zegoen ordurako partida iraultzeko inolako aukerarik ez zutela gorriek. 22-3, eta aldagelara.

Jose Javier Zabaleta izan zen atzo jaun eta jabe. Arangurenek ezin izan zion inoiz eutsi. Elordi bikain aritu zen defentsan eta oso zuzen erasoan. Altuna saiatu, saiatu zen, baina gozatu gabe. Elordiren sakeetan maiz sartu zen airez bere atzelariari lanak errazteko, baina gero ez zuen asmatu.

«EGUR EDERRA»

Amezketarrak argi eta garbi laburbildu zuen partida: «Egur ederra eman digute, zorionak ematea besterik ez dago». «Gehiago badakigu jokatzen biok», gaineratu zuen, eta txapelketa luzea dela gogora ekarri zuen.

Zabaleta eta Elordi pozik azaldu ziren lehen puntua lortuta eta, batez ere, erakutsitako mailarekin. Zama hori kendu zuten atzo, faboritoen zama hartzeko, berriro.