Txitxarro gehiago eta berdel gutxiago baxuran, legatz gutxiago alturan
Europako Batasuneko Arrantza ministroek akordioa lortu dute 2025erako arrantza kuoten inguruan. Kantauriko baxurako arrantzaleek txitxarro gehiago arrantzatu ahal izango dute, baina berdel gutxiago, espezie horren zaurgarritasuna dela-eta. Alturako flotak, berriz, legatz gutxiago harrapatu ahalko du: %20 murriztuko da kuota.
Europako Batasuneko (EB) Arrantza ministroek akordioa izenpetu zuten asteartean 2025erako Atlantiko eta Mediterraneoko arrantza kuoten inguruan, bi eguneko negoziazioen ondoren. Euskal arrantzaleentzat ezin da esan Bruselan adostutakoa «oro har akordio ona» izan dela, Leandro Azkue Lakuako Gobernuko Arrantza zuzendariaren iritziz. Haren ustez, Kantauriko baxurako arrantzaleentzat «ez da txarra izan», baina alturako ontziek, aldiz, legatzaren harrapaketan murrizketa jasango dute.
Amaia Barredo Arrantza sailburua ere ildo beretik mintzatu zen, eta «balorazio orokorra ezin dela positiboa izan» adierazi zuen, euskal ontzidiarentzat urte «zaila» izango dela iragartzeaz batera.
Akordioaren arabera, baxurako arrantzaleentzat txitxarroaren kuota ia laukoiztu egingo da, 2024koarekin alderatuta -aurreko urteetan ia zeroan egon zen-, eta 2.097 tonatik 8.220ra pasatuko da.
Oilarraren eta zapoaren kuotak ere handitu egingo zaizkie, 3.942 tona (+%22,8) eta 4.340 tona (+%16,8), hurrenez hurren. Legatzaren kuotari eutsi egingo diote eta guztira 10.953 tona arrantzatu ahal izango dituzte, 2024an baino zertxobait gehiago. Kantauriko zigala, berriz, 12,4 tonatik 25 tonara igaroko da.
Berdelaren kasuan, harrapaketa kuota %22 gutxituko da, espezie horren zaurgarritasuna dela-eta, 33.770 tonatik 26.340ra pasatuz. Hegaluzearen harrapaketa kuotak ez du aldaketarik izango eta 35.815 tonatan geratuko da, eta atun gorriarena 21.503 tonatan.
Datorren urterako antxoaren kuota zehaztu gabe dago oraindik, espezie horren egoerari buruzko txostenaren zain. Berriki, Aztiren ikerketa batek ondorioztatu du Bizkaiko Golkoan antxoaren stock globalaren egoera «osasungarria» dela, nahiz eta antxoa gazteen batez besteko biomasan beherakada txikia izan den.
Europako Kontseiluak ez du 2025erako proposamenik egin oraindik.
ALTURAKO FLOTA
Alturako flotaren kasuan, hasiera batean proposatutako murrizketa adostutakoa baino handiagoa izan arren, «ez da berria»; izan ere, «iaz eta aurreko urtean beherakada izan zen eta, beraz, «joera bat da», azaldu zuen Azkuek. Iparraldeko legatzaren kuota %20 murriztuko da -hasieran %30 proposatu zuen Bruselak-, eta zapo (-%1,28), bakailao (-%5,41) eta oilarraren (-%8,92) harrapaketek ere jaitsiera izango dute. «Egia da duela bost urtetik kuota garrantzitsuak genituela, azken 20 urteetako onenak, baina azken urteotan iparraldeko legatzaren kuota murrizteko joera ikusi da», esan zuen. Akordioak euskal ontzidiari nola eragiten dion ikusi beharko dela adierazi zuen Arrantza zuzendariak, batez ere Frantziako kostaldean eta Irlanda hegoaldean arrantzatzen duten Ondarroako itsasontziei. «Ea nola kudea dezakegun Ondarroako arraste ontzientzat kuota hori, murrizketaren eragina ahalik txikiena izan dadin».
Hala ere, adierazi zuen «behin betiko argazkia» ezagutzeko dagoela. Espezie batzuetan Gobernu espainolak urtarrilaren 2tik aurrera egingo du kuotaren banaketa indibidualizatua, zuzenean arrantza-ontzi bakoitzari, eta orduan zehaztuko da «nola kudeatzen den batera, banakako esleipenik ez duen kuota».
Kontsumitzaileentzat «argazkia ez da asko aldatuko, aurtengoarekin alderatuta», Azkueren iritziz. Legatzaren beherakadak «zalantzarik gabe eragina izango badu ere, Espainian kontsumitzen den arrain guztiaren ia %65 eta %70 inportatu egiten da. Eta Euskadin ez gara errealitate horretatik at geratzen».