Asier ROBLES
ARRASATE

Udalatxen eraitsitako gurutzea berreraikitzeko eskatu du EAJk

EAJren ekimenez, eta PSEren eta PPren aldeko botoekin, Udalatx mendiko gurutzearen eraispena gaitzesten duen ebazpena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, eta Arrasateko Udalari berreraikitzeko eskatu diote. Udalbatzak, EH Bilduren eta Elkarrekinen botoekin, duela hilabete onartu zuen «elkarrizketa eraikitzailea» sortzea ikur «laikoa, neutroa eta inpartziala» jartze aldera.

1971eko urrian jarri zen gurutzea Udalatxen Jan Da Lo mendizale taldearen ekimenez. Urte horretako abuztuaren 27an hil zen Angel Balzategi Erregetxo mendizale arrasatearra, eta haren omenez egin zen ekimena, hura eta hildako mendizale guztiak oroitzeko 12 metroko gurutzea jarrita. Ikur erlijiosoa Arrasatetik ikus zitekeen.

Baina 2024ko urriaren 12a Udalatx gurutze barik eta olerki batekin iratzarri zen: «Izan zitekeen harri, zutargi, enbor, lore, arrano edo aizkora. Baina ez, Gurutze Santua zen. Horrek dakarren guztiarekin», zioen testuak.