Jon GARMENDIA
Idazlea

Haraindi

Gaia entzun eta minutu eta erdira ekin zion kantuari: «Kazetarion beldurra da beti orri txuria/ gaur pantailaren aurrean horren nago urduria/ hitzak ez dira soilik hitz, sarri dira bisturia/ ta oraindik gogoan dut tabernako irudia/ Euskal Herria kokatzen ari da mapa mundia/ ze iragan izan dugun, hautsitako araudia/ eta orain hemen nago, hitza da nire zubia/ sabel barrenean ere daukat oilo ipurdia». Horrela hasi zuen ganbarako lana Alaia Martinek Ilunben, eta nora joko zuen ez nion atzeman. «Euskal Herriak iragan bat baitu oso mingotsa/ oraindik luzatzen dugu iraganaren morrontza/ torturatua izan zen, jasan zuen ziegen hotza/ eta betiko apurtu omen zitzaion bihotza/ elektrodoak ipini, lepoan estutu poltsa/ ta gero egon isilik eta sinatu aitortza/ ta orain ni hemen nago erdizka daukat kokotsa/ nola transkribatuko dut bere dardara ahotsa?». Anaia Euken neukan ondoan eta negar malkotan ikusi nuen. Duela 31 urte guardia zibilek Gurutze Iantzi torturatu eta hil zutenean Madrilgo kuartel horretan zegoen Euken, atxilo, basatiki torturatua. Aspaldi aipatu zuen tortura «Ez duzu oroitu nahi baina ezin duzu ahantzi» bezala. Alaiak gure herri zahar honetan milaka torturatu dituztela gogorarazi zidan, hain beharrezkoa den aitortza publikoa egin zuen bertsoz. Ezin delako estali, atzendu, onartu. Ezin da justifikatu, edo existitu ez balitz bezala egin. Hitzak aurkitu behar dira, hemen eta haraindi.