Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Hil nahi duten haurrak

Ez dira gutxi azken boladan eskuineko lerro politikoa duten egunkarietan Jesukristoren jatorriari buruz irakurri ditudan artikuluak. Oinarri zientifiko eta historikoa baino, kutsu ideologiko nabarmena duten idatzietan, katolizismoaren ikonoa Israelen jaio zela baieztatzen dute irmoki. Akaso, ez delako batere egokia Gazan jasotzen ari denarekin Jesu Kristo Palestinan jaio zela gogoraraztea.

Izan ere, kristauek Jesusen jaiotza ospatzeko Gabonak gertu ditugun honetan, ikerketa bat plazaratu du egoitza Gazan duen GKE batek, War Child Alliance erakundeak babestua. Jasotako datuen arabera, Gazako haurren %96k beren heriotza berehalakoa dela uste dute eta erdiek baino gehiagok lehenbailehen hil nahi dute, bizi izandakoaren traumak utzitako sufrimendua eten dadin.

Bien bitartean, gurean, Olentzeroren opariekin ari gara, gure haurrei sakelako telefonoa oparitzeko adin egokia zein ote den eztabaidatzen. Ez da ikerketa handirik behar jakiteko opari teknologikoak direla gehien eskatzen dituztenak. Agian, garai egokia da gogoratzeko tramankulu hauek egiteko beharrezkoa den koltana ahaztutako Kongoko meategietan jasotzen dela, non giza eskubideak etengabe urratzen diren, inongo jaungoikoren babesik ez duten ehundaka haur hiltzen ari delarik.