20 DIC. 2024 Ernai: «Epaiak Segurtasun Sailaren arbitrariotasuna frogatzen du» Ernaiko 133 kidek jasotako isunen aurkako helegiteen lehen bi ebazpenak ezagutu ondoren, epaiok Segurtasun Sailaren «neurrigabetasuna eta arbitrariotasuna» frogatzen dutela azpimarratu du gazte antolakundeak. «Noiz arte jarraituko du administrazio publikoak jardun hau izaten?», galdetu du Amaiur Egurrola bozeramaileak. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea eta Maddi Bilbao abokatua. (Monika DEL VALLE | FOKU) Asier ROBLES BILBO Ernaiko 133 kidek jasotako isunen aurkako helegiteen lehen bi ebazpenak ezagutu ondoren, balorazioa egin zuten atzokoan Maddi Bilbao abokatuak eta Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak. Abokatuak gogoratu zuenez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien lau epaitegi independente ari dira aztertzen gazte antolakundeak aurkeztutako helegiteak. Horietako batek, Auzien 4. zenbakiko Epaitegiak, lehenengo bi sententziak igorri zituen asteazkenean. Batak Gasteizko ekimenean egondako 12 kideri eragiten die eta, bertan desordena publikorik egon ez zela iritzita, Ernairen bertsioa baieztatu du eta isunak bertan behera utzi ditu. «Guk gauzatutako frogabideen bitartez, Ertzaintzaren errelatoa ezbaian gelditu da. Haien deklarazioetan egondako kontraesanak azaleratu genituen, eta sententzian horrela jaso da», adierazi zuen Bilbaok agerraldian. Beste epaiketak Bilboko ekintza aztertu du eta 19 kideri eragiten die. Honetan, Ernaik jarritako errekurtsoaren estimazio partzial bat jasotzen du. «Mobilizazioak eragindako errepide mozketagatik, epaileak ulertzen du desordena publiko larriak egon zirela. Baina, kasu honetan ere, administrazioaren partetik kontraesanak eta froga gabeziak egon direla adieraztea lortu dugu. Hau horrela izan da, epaiketan bertan bistaratu ahal izan genituen ikus-entzunezko frogengatik eta lekukoek adierazitakoagatik», azaldu zuen Bilbao abokatuak. Ondorioz, Bilboko mobilizazioan parte hartu zuen kide bakoitzari ezarritako 2.500 euroko isuna 1.800era jaitsi du eta 900 euroko aurreordainketarako aukera ematen du. Hala ere, epaileak egindako desordena publikoaren inguruko interpretazioarekin ez daude ados, eta horretarako, «frogabide eta argudio juridiko sendoak» dituztela uste du abokatuak. Izan ere, sententzien aurka EAEko Justizia Auzitegian errekurtsoa jartzeko aukera dago. «NOIZ ARTE?» Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak gazte antolakundearen aurka operazio bat abian dagoela ulertzeko «elementu ezinbestekotzat» jo zuen epaia, «Segurtasun Sailak erabilitako neurrigabetasuna eta arbitrariotasuna frogatzen baitu». «Noiz arte jarraituko du administrazio publikoak jardun hau izaten? Noiz arte baimenduko dugu jardunbide hau? Zein berme jarriko ditu aurrerantzean gisa honetako egoerak errepikatu ez daitezen?», galdetu zuen Egurrolak. Izan ere, gazte independentisten aurkako isunak ez direla «ausaz izan» nabarmendu zuen. «Eusko Jaurlaritzaren erabaki politiko bat izan dira. Deserosoa zaie independentziaren alde lerratzen garen eta antolatzen garen gazteak geroz eta gehiago izatea. Aurrera goaz, eta horren beldur dira», gehitu zuen. Kalean epai hauek salatzeko dinamikak egiteaz harago, epaitegiak beste borroka eremu bat direla baieztatu zuen Egurrolak, eta «horietan administrazio publikoak eta konkretuki Segurtasun Sailak egindako jardun desegokia salatu behar dela» esan zuen. JARRAIPENAProzesu judiziala ez da amaitu. Administrazioarekiko Auzietako laugarren salaren epaiketaren sententzia da hau, 31 kideri eragiten diena. Beste hiru epaiketak, printzipioz, 2025ean izango dira. Dena den, lehen epaiketa honen emaitza garrantzitsua dela adierazi zuen Maddi Bilbao abokatuak.