20 DIC. 2024 Lau egoiliarreko langile bateko ratioaren aldarria Bizkaian Eguneko ratioa lau egoiliarreko langile batekoa eta gauekoa 15 egoiliarreko bi langilekoa izatea exijitu du LABek Bizkaiko adinekoen egoitzetarako, eta mobilizazioak iragarri ditu. LAB sindikatuko kideak beren aldarriak plazaratzen, Bilbon. (LAB SINDIKATUA) GARA BILBO Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurkako konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diola iragarri zuen atzo LAB sindikatuak. Eta Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua seinalatu zituen «Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun» gisa. Prentsaurreko batean azaldu zuenez, «milaka» dira sektore honetan egungo ratioen dekretuak «ezartzen dien xantaia emozionala» pairatzen duten langileak. Gainera, egoiliarrei arreta «duina» emateko denborarik gabe lan egiten dute. «Dekretu horrek langile bakar batek pertsona bat hamar minututan garbitu, jantzi eta dutxatzea dakar, gauean 35 edo 40 egoiliarren ardurapean egotea edota oinarrizko jardueretan gutxienez 15 pertsona zaindu behar izatea», zehaztu zuten adibide bezala. Horrenbestez, salatu zutenez, Foru Aldundiak eta Lakuak ezarritako ratioek «oso larriki» kaltetzen dute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna, besteak beste, egoiliarrei ez dielako aukerarik ematen «entzunak izateko eta pertsona guztiok behar dugun gutxieneko arreta emozionala jasotzeko». NEURRIAK Hiru dira sindikatu abertzaleak proposatu zituen neurriak. Alde batetik, eguneko ratioa langile batekoa izatea lau egoiliarreko. Bestetik, gaueko ratioa bi langilekoa izatea 15 egoiliarreko. Azkenik, erizaintza zerbitzua bi orduz martxan izatea planteatu zuen, eta baita 16 egoiliarreko gutxienez erizain bat lanean aritzea ere. Bizkaiko egoitzetako batzuen egoera, ordea, guztiz bestelakoa dela azaldu zuen. Portugaleten, langile bat ari da lanean soilik gauez 34 egoiliar zaintzeko; Abeletxen, Ermuan, eta Aita Mennin ere, Durangon, langile bakarra egoten da gauez 38 egoiliar zaintzeko. Bizkotxalden, Basaurin, langile bat ari da gauez 40 egoiliar zaintzen; eta Santa Mariñen, Urdulizen, egunez langile bakarra ari da lanean aldi berean 20 egoiliar zaintzen. Nuestra Señora de los Desamparadosen ere, Karrantzan, langile bat ari da bakarrik aldi berean 17 egoiliarri arreta ematen. Baieztatu zuenez, datuok Bizkaiko egoitzetan orokortua dagoen egoera islatzen dute. PRIBATIZAZIO POLITIKAK Egoera horren atzean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lakuako Gobernuak ezartzen dituzten «pribatizazio politikak» daudela gaitzetsi zuen LABek. «Zaintza lanak merkantilizatzen dituen sistema da hau, IMQ, Lares, Aita Menni, Vitalitas, Babesten edo GSR bezalako enpresek negozioa egin eta milioika euro irabazteko erabiltzen dutena», azpimarratu zuen. Sindikatu abertzaleak oroitu zuenez, Bizkaiko nagusien egoitzetako langileek «zerbitzu publiko bat ematen dute, egoiliarrak eta langileak gaizki tratatzen dituen negozio bihurtu dena». Langile publikoak dira eta nagusien egoitzak publiko bilaka daitezen exijitzen dute. LABentzat beharrezkoa da ratioen eztabaidari premiaz ekitea eta egungo ratioen dekretua aldatzea. Horregatik, Bizkaiko egoitzetako egoera larria agenda sozialean kokatzeko asmoa duen dinamikari ekingo diola iragarri zuen. HIRU PROPOSAMENEguneko ratioa lau egoiliarreko langile batekoa izatea proposatu du LABek; gaueko ratioa bi langilekoa izatea 15 egoiliarreko; erizaintza zerbitzua 24 orduz izatea eta betiere gutxienez erizain bat egotea 16 egoiliarreko.