GARA
DONOSTIA

TM eLAB: «Premiazko neurriak eta parke publikoa, etxebizitza larrialdirako»

Merkatuetan esku hartzea behar da, burujabetza zabalagoa, egungo legeek ematen dituzten aukerak baliatu epe motzera eta parke publikoa handitu epe erdi eta luzera. Hauek dira TM eLABek egin berri duen jardunaldiaren ondorioetako batzuk.

TM eLABek Donostian astelehenean antolaturiko jardunaldia.
TM eLABek Donostian astelehenean antolaturiko jardunaldia. (Maialen ANDRES | FOKU)

Jardunaldi berezia antolatu zuen Donostian astelehenean TM eLABek, etxebizitza larrialdiari buruzko hausnarketa egiteko, konponbideak lehenetsiz. Euskal Herriko eremu administratibo desberdinetan garatzen diren politikak aztertu zituzten, gizarte eragileek parte hartu zuten beste solasaldi batean, eta zenbait adituren ekarpenak ere entzun ziren. Horrekin guztiarekin, dekalogoa osatu du TM eLABek, arazo konplexu honen irtenbidea nola lor litekeen marraztuz.

Azkeneko bi ondorioak nabarmendu daitezke alde horretatik. Batetik, «beharrezkoa da balioen aldaketa gauzatzea: dogma neoliberalak baztertu eta merkatuen esku hartzea ahalbidetzen duten politikak badira horretarako tresna. Baita etxeen jabetzaz dugun ikuspegia aldatu eta alokairuaren kultura sustatzea ere, iparraldeko zenbait estatutan bezala». Eta bestetik, «burujabetza behar dugu. Inbertsio funtsekiko mendekotasunarekin amaitu behar da. Eta eskumen ahalik eta gehien behar ditugu, behar bezalako etxebizitza politika publikoa garatzeko. Baditugu etxebizitza politikoei buruzko zenbait eskumen».

Dekalogo honen lehen puntutik hasita, «etxebizitza larrialdia politika neoliberalen ondorio da -laburbiltzen du TM e LABek-. Espainiar eta frantziar estatuetan etxebizitza inbertsiorako baliabide gisa ezaugarritu da azken hamarkadatan. Horrek espekula- ziorako eta negoziorako tresna bilakatu du. Ez da egon etxebizitza politikarik, higiezinen politikak baizik. Gaur egun, atzerriko inbertsio funtsen eta kapitalen kolonizazioa gertatzen ari da, prezioen gorakada zorabiagarriak eraginez». Horren aurrean, «herri gisako diagnostikoa eta estrategiak exijitzen ditu egoerak. Epe motzean, politika neoliberalak alboratu behar dira eta etxebizitza merkatuan esku hartu behar da. Etxegabetzeak gelditzeko mekanismoak behar dira».

Epe ertain luzera begira, «etxebizitza parke publikoa biderkatu egin behar da, merkatuaren prezioak baldintzatzeko gai izan arte, Europa iparraldeko zenbait estatutan bezala. Parke publiko hori osatzeko, estrategia ezberdinak erabili beharko dira: etxebizitza zaharren birgaitzeak, hutsik geratzen diren etxeen erosketak, desjabetzeak, zein alokairurako etxebizitza publiko berrien eraikuntza».

FISKALITATETIK ERAGIN

Laugarren ondorioa hauxe da: «Etxebizitza justizia sozialerako oinarrizko eskubidea da. Fiskalitate justua ezinbestekoa da larrialdiari erantzun ahal izateko. Parke publikoaren osaketa ahalbidetuko duen diru bilketa egin behar da, jabe handiak (bost etxebizitzatik gora) gehiago zergapetuz eta alokairua bultzatzen duten hobariak aplikatuz. Zentzu horretan, erabat zentzugabea da eta akatsa da EAEn etxebizitza erosteagatik dagoen hobaria mantentzea, epe luzera merkatua berotzeko efektua eragiten duelako eta behar denaren kontrako pedagogia delako».