21 DIC. 2024 Euskararen kontrako bi eraso berri; bata Gipuzkoan eta bestea EAEko udaletan Gipuzkoako Aldundiko langileak, atzo. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA DONOSTIA Enpleguaren eskaintza publikoetan euskara jakiteko baldintzaren kontra martxan den oldarraldi judizialaren bi eraso berri jakinarazi ziren atzo. Batetik, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Lakuak udal idazkarientzat abian jarritako LEPa eta, bestetik, Gipuzkoako Aldundiak zaharren egoitzetako langileak egonkortzeko prozesurako zehaztu zuen euskara eskakizunaren kontra agertu ziren epaitegiak. Hamabi urte baino gehiagoren ostean, Lakuako Gobernuak udaletako idazkari, kontu-hartzaile eta diruzainei zuzendutako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) abiatu zuen, orotara 177 plaza eskainiz. Alabaina, Cosital delakoak (Tokiko Administrazioko Kontu-hartzaileen, Idazkarien eta Diruzainen Estatuko Elkargoak) helegitea jarri zion deialdiari eta, asteazkenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki zuen deialdia kautelaz bertan behera uztea. Xabier Ochandiano Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Harreman Publikoetarako sailburuordeak atzo azaldu zuenez, Lakuak alegazioak aurkeztu dizkio ebazpenari. Udalek eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan artatuak izateko duten eskubidea defendatu zuen. ELAk, bestalde, adierazi zuen epaia «oso larria» dela eta salatu deialdietako baldintzak «Estatuak dioen horretara» zedarritzen direla. EGOITZETAKO DEIALDIA Gipuzkoako Aldundiaren mendeko egoitzen kasuan, hogei zaintzaileren egonkortze prozesuko oinarrietan zehazten den hizkuntza eskakizunaren aurka egin du epai batek. Euskara derrigorrezko baldintza izatea «diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa» dela dio ebazpenak. Aldundiko langile batzordeak, desados epaitegien erabakiarekin, elkarretaratzea egin zuen atzo. Zehaztu zuenez, adineko erabiltzaileekin zuzeneko harremana dute egoitzetako langileek, eta aldarrikatu zuen Administrazioak egoitzetako egoiliar orori bermatu behar diola bere hizkuntza eskubidea, baita bertan lan egiten duten langileei ere. Gainera, auzi honetan CCOO eta UGT sindikatuek nahiz PSE alderdiak dituzten ardurak seinalatu zituen.