Ion GARATE

ESKOLA KIROLAK «ESPERIENTZIA HEZITZAILEA» IZAN BEHAR DU

Zein garrantzi du gurasoen jarrerak eskola kirola egiten duen haur baten garapenean? «Ezinbesteko garrantzia», Kike Mokoroa (Tolosa, 1977) Ordiziako udaleko kirol teknikariak NAIZ irratian adierazi duenez. Gurasoak dira haurren erreferentzia nagusiak eta eredu ona ematea nahitaezkoa da. Baina, nola?

Ziburuko futbol zelaian egindako haurren futbol txapelketa bateko irudia.
Ziburuko futbol zelaian egindako haurren futbol txapelketa bateko irudia. (Guillaume FAUVEAU)

Gurasoen jarrerak eragin zuzena dauka haurraren garapenean. Honaino, adierazpen logikoa irudituko zaizue. Kirola oro har -eta futbola zehazki- tartean sartzen denean, baina, logika guztiak apurtzen direla dirudi. Ohikoak dira gurasoen jarrera desegokiak berauen seme-alaben partidak ikustera joaten direnean; izan epailearen aurkako irainak, arerioari hitz itsusiak esatea... Honek ez du esan nahi gurasoak espazio hauetatik kanporatu behar direnik, onurak ere ekartzen dituelako hauen presentziak, baina kontziente izan behar dira eskola kirolak landu nahi dituen baloreak «erabat desberdinak» direla, eliteko kirolarekin alderatuta.

Ordiziako udaleko kirol teknikariak gurasoen esku hartzeak izan ditzaketen onurak eta desabantailak zerrendatu zituen NAIZ Irratian. «Laguntza emozionala, autoestimua igotzeko era sano batean; ohitura osasungarriak sustatzeko zutabe garrantzitsuak dira, eta gaitasun sozialerako garapenean ere lagundu dezakete», kontatu du tolosarrak puntu onuradunen artean. Kontrara, jarrera desegokien artean egon daitezke haurrari «gehiegizko presioa egitearena, etxean Messi edo Cristiano bat dutelakoan; goizean partida ikustera joan eta horren ostean etxean, egin dituzten akatsak zuzentzeko joera eta kiroltasunik gabeko jokabideak».

«Argi dago gurasoen parte hartzeak eskola kirolean oro har onurak zein desabantailak izan ditzaketela eta, haiek hartzen duten jarreraren eta ikuspegiaren arabera, alde batera edo bestera doala. Gakoa da sostengu positibo eta orekatua eskaintzea. Entrenatzaile eta eskolako agenteekin batera, esperientzia aberasgarria eta hezitzailea izan dadila lortu behar da», adierazi du Mokoroak.

Heziketa mailako kirola askotan elitekoarekin alderatzen da edo hauen jarrerak hartzen dira erreferentetzat. Mokoroaren ustez, telebistak kalte handia egin du: «Ezin dugu eredu bezala eduki lehen mailako partidetako jarrera desegoki horiek. Eskola kiroleko baloreak eta helburuak diferenteak dira».

Horregatik, hain zuzen, eskola kiroleko begiraleek edo monitoreek formakuntza bat eduki behar dute, «kirolaz haragoko egoera ezberdinak nola landu irizpideak izateko: iaioa ez bada kirol horretan, bazterkeria kasuren bat balego... Hori da garrantzitsua kirol entrenatzaile on bat izateko kategoria horietan», azaldu du Mokoroak.

PERSPEKTIBAN JARRI

«Eskola kirolean eta kirol elkarteetan haurra daukagu erdigunean. Irabaztera joan behar da, baina beste balore asko kontuan hartu behar dira: aurkaria, balore guztiak, irabazten duzunean irabazten jakin, galtzen duzunean berdin, epaileari errespetua... Funtsezkoena da ondo pasatu beharko luketela, eta irabazi edo galdu egin dezaketela», ohartarazi du.

Mokoroak azpimarra egin du, haurrak diren heinean, kirolari beste aspektu guztiei bezainbesteko garrantzia eman behar diela: «Ikasketak, kuadrillak, kirolak... denak elkarrekin lotuta egon behar du. Guraso batzuk gehiegi zentratu dezakete umea kirolean arrakasta edukitzera, eta alde batera uzten dute errendimendu akademikoa, garapen pertsonala, kuadrilla eta beste gauza batzuk. Osasungarria da kirola, baina orekatu egin behar da. Jakin behar da zertarako den eta beste gauza batzuk ere badaudela bizitzan».

Kirol amateurrean esperientzia handia bildu du Mokoroak -egun Tolosako Arraun Elkarteko koordinatzailea da- eta zenbait adibide desegoki ere kontatu ditu. Bi nabarmendu ditu: bata, soilik bere seme edo alabaren jokaldiak grabatzea -alegia, talde izaeratik erabat aldentzea-; eta bestea, guraso batek bere alabari jarraibide propioak ematea, teknikarien lana oztopatuz eta «bere alaba ere egoera deserosoan utzita».

IRAINAK, NORMALDUTA

Jarrera desegokien albuma zabala da, goi mailako kiroletik hasi eta behe mailetaraino heltzen dena. Erabat normalduta daude jarrera horiek, eta hau errotik aldatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio Mokoroari: «Pentsa, ume bat bere senitartekoarekin futbolera joan eta ikusten badu albokoa irainka dabilela, txistuka... Bera hori ikusten ari da eta hori estrapolatuko du bere partidara, eta jarrera hori hartuko du epailearekiko, aurkariarekiko; normaltzat hartuko du guraso bat irainka aritzea». Proposamen bat ere utzi du: gurasoek, partida bukaeran, aurkarien gurasoei eskua ematea, laguntasun giroan. Kiroldegietan badaude dekalogoak, jarrera egokiaren aldekoak. Kartel hauek oso inpertsonal geratzen dira. Interpelazioa ez da egoki iristen jarrera desegokiak dituztenengana. Kirol elkarteetan ahalegin berezia egin beharko da gurasoen «formakuntzan».