Asier AIESTARAN
PILOTA

Ezkurdiak eta Rezustak garaipenaren olatu gainean jarraitzen dute

Labriten Aspekoek nagusitasunez menderatu dituzte Peña II.a eta Albisu, bi joera erabat desberdinen arteko talkan: lautik lau irabazi dituzte batzuek eta lautik lau galdu besteek. Bakarrik geratu dira lidergoan, Lasok eta Iztuetak galdu egin dutelako.

Joseba Ezkurdia, pilota astintzeko prest, aurreko jardunaldi batean.
Joseba Ezkurdia, pilota astintzeko prest, aurreko jardunaldi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ezkurdia eta Rezustak laugarren garaipena lortu zuten Binakako Txapelketaren ligaxkan, Labriten Peña II.a eta Albisu 22-14 menderatuta. Irabazleek askoz bikote sendoagoa osatzen dutela erakutsi zuten, eta, amaieran aurkariek tanto batzuk egin zituzten arren, Aspekoen nagusitasuna nabarmena izan zen.

Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta une onean daude, kolpean txisparekin eta kantxan konfiantza handiarekin. Jokatutako lau partidak irabazi dituzte. Bi Jon Anderren egoera, aldiz, oso bestelakoa da: ez daude unerik onenean eta konfiantza falta hasieratik nabaritzen zaie. Gai dira tanto bikain bakanak jokatzeko, atzo ere hala izan zen, baina ez dute lortzen neurketa oso bat hasi eta buka maila onean jokatzea. Lautik lau galdu dituzte.

Atzo ere hasieratik ikusi ziren bi joerak Labriteko plaza exijentean. Gorriak 3-0 aurreratu ziren partidako lehen takadan, eta 7-2 bigarrenean. Ordurako Jon Ander Albisuk hiru pilota galduak zituen eta Joseba Ezkurdiak hiru erremate ikusgarri sinatuak. Atzelari ataundarrak pilotakada bikainak jo zituen zenbait tantotan, kolpez fresko dagoela ematen du, baina Peñak ezin zuen tantoa aurrean amaitu. Honenbestez, urdinen hutsa lehenago iristen zen gorriena baino.

Atsedenak atseden -egiari zor, neurketa aurrera joan ahala joko taktiko horretan ere amore eman zutela eman zuen-, partidak horrelaxe jarraitu zuen eta alderik handiena 20-6koan lortu zuten gorriek, Joseba Ezkurdiak aurrean amaitutako bi tantoren ondoren.

Azken txanpan, dena galduta zutenean, urdinek tanto batzuk kateatu zituzten, markagailua zertxobait itxuratuz. Jon Ander Peñak barruko amorrua atera eta egiteko gai denaren printza batzuk behintzat utzi zituen.

«Oso pozik gaude. Ongi borrokatu dugu. Albisuri metro asko eginarazi dizkiogu eta gero egin dituen huts horietan nabaritu dela uste dut. Beñatek atzean konfiantza handia ematen du, eta pozik ari naiz», adierazi du Joseba Ezkurdiak partida bukatutakoan.

Beñat Rezusta ere pozik agertu zen, sailkapenean gehiegi pentsatu ordez, partidaz partida gozatzen jarraitzeko asmoz: «Orain goialdean dabiltzan bikote horien aurkako partidak iritsiko zaizkigu eta hobe da sailkapenean gehiegi ez pentsatzea».

DEMA EDERRA LEKEITION

Ezkurdia eta Rezusta bakarrik geratu dira ligaxkako lidergoan, hiru garaipenekin zegoen beste bikoteak, Laso-Iztuetak, galdu egin zuelako Lekeitioko pilotalekuan: 22-21 Elordi eta Zabaletaren kontra, 85 minutuko iraupena izan zuen neurketa izugarri gogorrean.

Markagailuan lehen errentak Elordi eta Zabaletarenak izan ziren arren, 6-5 edo 11-9, lehen atseden luzera aurretik iritsi ziren Unai Laso eta Martxel Iztueta (11-12). Hortik aurrera, ordea, Laso eta Iztueta tarteak handitzen joan ziren apurka-apurka. Bidean, Lekeitioko Santi Brouard pilotaleku luzean askotan gertatu ohi den bezala, norgehiagoka ikaragarri gogortzen ari zen.

Tarterik handienak lau tantokoak izan ziren, 15-19an eta 17-21ean, baina garaipena poltsikoan zutela zirudienean, dena okertu zitzaien Baikokoei. Unai Lasok huts nabarmen pare bat egin zituen eta arazo fisikoak ere izan zituen. Eta 21-21ekoarekin, ordura arte sekulako partida jokatu zuen Martxel Iztuetak pilota goiko koltxoira bidali zuen.

Ikuskizun bikainarekin asko gozatu zuten pilotalekura hurbildu ziren zaleek, eta, laukoteko bizkaitarrak irabazita, are alaiago irten ziren frontoitik Santomas egunean. «Une askotan ez gara batere eroso aritu. Presio handia sartzen ziguten, batez ere Unaik hor aurrean, eta kosta egin zait niri tantoak amaitzea. Sufritzea tokatu zaigu tanto askotan, baina bagenekien gure aukera izango genuela, eta azken txanpan iritsi zaigu zorionez», adierazi zuen Elordik.