23 DIC. 2024 FM Jon GARMENDIA Idazlea Denak dantzan jarri ditu, jarri gaitu, ‘‘ye, ye, ye Dub Manifest’’. Sareetan batzuk, kontzertuaren aurretik bidali zuten beren zortearen berri, Bilboko karriketan Santomas ohoratuz. Beste batzuk kontzertuan zehar bideo eta argazkiak hedatu zituzten, han zeudela errateko edo hango momentua betiko gordetzeko. Ondoren mintzatu zirenak daude, orgasmo kolektiboaren eztanda gisa, gozamena! Zuhaitzak harro altxatzen dira, haize zaharrari adierazten dioten jakinduriaren zaindari. Haize berriak ere astintzen dituelako Fermin Muguruzak oraino, bere erritmora, musikaren ibaia aitzina doala lurreko sekretuak daramatzala. Ez dut poesian gelditu nahi ordea, Ferminen mezu zuzenekin suspertzea baizik. Barruzale edo kanporagai diren kantuen aitzinean, nagusiki norberak modu abstraktuan bere buruari baino hitz egiten ez dion garaiotan, Ferminen mezuak ezinbesteko kokatzen baititut, altxatu, mugitu, borroka egin, justiziaren, berdintasunaren, askatasunaren alde, mundu hobe baten arkitekto eta hargin. Gure indarretan sinistera bultzatzen gaitu, oraindik posible dela helarazten, baikorki. Hor datza bere muina, hor bere imana. Eta Fermin hori baino gehiago da, musikari baino, ia aztia, mugimendu baten gidaria, komandantea. Entzun ditut abesti anitz faltan sumatu dituenaren hitzak, tira, ia hiru orduko emanaldiari gehiago eskatzea seinale ona da, baina sei ordukoa egin balu ere, oraindik faltan sumatuko genituzkeela ziurtzat dut. FM Euskal Herriko ondare immateriala den seinale.