24 DIC. 2024 Hatortxuk larunbatean Atarrabia agurtuko du, baina elkartasuna ez Larunbatean Hatortxu Rock azkenengoz egingo da Atarrabian, eta jaialdiaren azken aurreko edizioa izango da, uztailean behin betiko agurtu aurretik. Ziklo bat itxiko da, baina presoen eskubideen aldeko borroka ez da amaituko, Garazi Castaño antolatzailearen esanetan. Larunbatean egingo da Hatortxu Rock. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Peli LEKUONA DONOSTIA Larunbat honetan hamaika talde oholtzan edukiko dituen Hatortxu Rock jaialdia egingo da Atarrabian, izango den azkena, uztailean jaialdiak bere ibilbidea bukatuko baitu. Zikloa amaituko du, baina inola ere ez presoen eskubideen defentsa eta haiekiko elkartasuna, alde horretatik «lan asko» egiteko baitago, Garazi Castaño antolakuntzako kidearen arabera. Behar berriei formula berriekin erantzuteko hautua dela esan zuen NAIZ Irratian. Muntaketa lanetan ari dira egunotan jaialdia posible egiten duten boluntarioak, eta «ia-ia» dena prest dute, Castañoren esanetan. Lanak, ordea, ez dira bukatu: larunbatean txandak egingo dituzten jendea behar dute. «Hatortxu auzolanean egiten dugu, baina egia da batzuetan zail egiten dela tamaina hartzea. Jendeak ez daki zenbat lan dagoen horrelako egitasmo baten atzean. Txanda asko behar izaten dira, egun bakarreko kontua izan arren», ohartarazi zuen. Hortaz, txandak egitera animatu zuen jendea; txandak@hatortxurock.eus helbidera idatzi behar da horretarako. Larunbatean Atarrabiari agur esango dio Hatortxu Rockek 29. edizioaz, eta 2025eko uztailaren 24 eta 27 artean egingo du elkartasuna oinarri duen jaialdiak bere azken festa Lakuntzan. Asteotakoa, beraz, berezia egingo du despedida kutsuak. «Agur esango dugu, eta horrek eragiten ditu sentsazio kontrajarri batzuk, baina irrika berezi bat ere sortu da aurten. Guretzat garrantzitsua da zehaztea guk agur esateak ez duela esan nahi, inondik inora, dena amaitzen denik. Nahiz eta Hatortxuk bere zikloa bukatutzat eman, oraindik ere lan handia dago egiteko presoen eskubideen defentsari dagokionez. Honenbestez, gure asmoa lanean jarraitzea da. Behar berriei formula berriekin erantzuteko asmoz eta grinaz gaude. Aurrera begiratzeko jaia ere izango da larunbatekoa», adierazi du Castañok. HELBURUAK LORTZEAR Dispertsioaren amaierarekin, Hatortxu Rocken helburuak lortzetik hurbil daude, eta halako «garaipen txikiak» ospatu egin behar direla irizten dio Castañok, egindako borrokak merezi duela erakusten baitu. Orain, «pauso bat gutxiago» gelditzen da egiazko helmugara iristeko. «Hatortxuko edizio hauek balio dezatela pauso hori azkartzeko», esan zuen.