Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Patri

Badira bizitzako uneak irudi edo esaldi batekin oroimenean itsatsita gelditzen direnak. Ez dakizu zergatik horiek, eta ez beste batzuk; baina, segur aski, horiek izan direlako une horretan eta gerorako zure izatearekin lotuta geratuko direnak.

Institutuan lehen aldiz euskaldunekin osatu zuten gure taldea, ikastordu batzuk euskaraz emateko asmoarekin, ikasgelako gehien-gehienok erdaraz ikasi genuen arren. Trantsizio garaiak ziren eta, euskararen debekua kendu bazuten ere, ikastetxe publikoetan euskararen presentzia hutsaren parekoa zen. Eta Patri arbelean gramatika zuhaitz batzuk marrazten ari zen, hitzak zirujau baten abileziaz disekzionatzen. Orduan entzun nion “perpaus bakunak” bazirela. Ni, ez perpaus, ez bakun ulertu ezinik. Ordura arteko ikasketa erdaldun nazional-katolikotik, perpaus bakunera pasatzea Rubikon ibaia zeharkatzea bezalakoa izan zen. Beste aldean bazen mundu zabal bat. «Oiartzungo antzerki talde batek jendea behar du, norbaiti interesatzen zaio?». Gelako bi agertu ginen entsegura. Dena aldatu zen. Handik aurrera euskara eta euskal kultura bizitzaren ardatzetako bat bihurtuko zitzaizkidan. Eta orain, oroimenaren lurraldean bizilekua hartu duen Patri Urkizu Sarasua irakaslea, euskal kulturaren perpaus bakuna baino, perpaus anitza bihurtu zaigu.