Urte bitxia
Urtea amaitzeko egun gutxi geratzen diren honetan, eguraldiaren aldetik urteak eman duenaren balantzea egiteko unea iritsi da. Hitz batekin defini daiteke aurten eguraldiak izan duen joera. Eguraldi bitxia izan dugu.
Batetik, eta beste urte batez jarraian, neguak ez zigun bere alderdirik ezagunena erakutsi. Urtarrileko egun batzuk hotzak izan ziren, bai, baina neguaren zatirik handiena batez besteko tenperaturen gainetik eta elur kontu gutxirekin eman genuen.
Ondoren udaberria etorri zen. Udaberriak negutik gehiago izan zuen udaberritik baino. Nahiz eta, azkenean, batez besteko tenperaturak altuagoak izan, euri dezente izan genuen eta mendietan elurra ere izan zen. Gainera, udaberri amaieran berotzea kosta zitzaion. Urtarorik bitxiena uda izan zen. Eguraldi bero eta sapak ez ziren asko izan, ekaitz gutxi izan genuen eta uda amaiera freskoa edo hotza izan zen.
Momentuz, urtaroa bere normaltasunean udazkenak izan du. Denetik izan dugu, nahiz eta hotz handiegirik ez izan. Ea neguak ere bere alderdirik errealena erakusten duen aspaldiko partez. Zergatik diodan hau? Garaian garaikoa egitea beharrezkoa delako, gure ekosistemak kalterik izan ez dezan. Eta horretarako, funtsezkoak dira elurteak eta izotzak. Urte berri on denoi eta gabon ederrak pasa!