Pieza bakarreko pertsona, beti kide eta prest, Euskal Herriaren aldeko militante emankorra
Urte berriak galera handia ekarri du ezker abertzalean, oso bereziki bere barne antolaketa lanetan, azken hamarkadetan bizitza militantean jardun direnen artean. Mila Idiakez debarraren galera ez baita nolanahikoa, oso hunkituta utzi ditu-eta hura ezagutu zutenak.
Mila ez da izan plaza publikoan hizlari nabarmendu den horietakoa, oratoria ez da bere dohain handiena izan, ez zuen eskarmentu hori, bere diskurtso eta hitzaldiak ez dira artxiboetan edo Youtuben topatuko, berak eskuz idatzitako txostenak ez dira denborak horituta apaletan pilatuta egongo, baina bere burkide eta minkideen artean utzi duen aztarna oso sakona da.
Pertsona apala, hitz leunekoa, irribarre kutsakor partikularraren jabea, Mila ez zen ekintza zehatz, espektakular edo heroiko batean nabarmendu. Ez da neguko jauregi baten asaltoan parte hartzeagatik, garaipenaren bandera altxatzeagatik edo legebiltzar bateko atrilean egin zuenagatik edo egin ez zuenagatik oroitua izango. Baina heroismo askoz ere emankorrago batean nabarmendu da Mila: egunero konfirmatzen den konpromisoan, iraunean, herrigintzaren zientoka borroka eta proiektuetan, arriskuak hartuz eta onartuz. Eta beti-beti ezker abertzalearen etxea zainduz, etxeko jokatuz, etxekalte sekula ez, unean-uneko adostasun estrategikoak edo desadostasunak gorabehera, etxekoa beti.
Debako Udalean zinegotzi izan zen, Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide, Egizan KASeko erakunde feministaren bultzatzailea, Bilgune Feministaren aitzindaria, Debako Goaz Antzerki Taldearen sortzailea, Ondar Beltz dantza taldearena ere bai, Burdin Kurutz Mendi Taldean... Saka eta bultza, egun argiz eta gaulanean, Ipar ala Hego Euskal Herrian, zeruari ezer eskatu baino lehen nekea bere gain hartuz, bere ibilbidearen aztarnak kontaezinak dira. Eta berarekin bidea partekatu dutenek beti gauza bera diote: isil eta itzaletik, gogo eta bihotz, Mila Idiakez militantea izan dela, osoa, konpletoa, pieza bakarrekoa.
Eta Euskal Herria askatzeko borrokak eskatu dituen bestelako konpromisoei sekula bizkar emateke. Bere autoko giltzak edo etxekoak bere burkideenak ziren, zauritua zegoen kidearenak bere minak ziren, hura aterpetzea obligazio militantea zuen. Poliziak atzetik zituenak bazekien Deban aterpe goxo bat bazuela, muga-pasoan laguntza behar zuenak bazekien Deban aurkituko zuela, etendako bideak nola berreskuratu bazekien, bizkar-zorro hau hara eta zapata-kutxa hura bestaldera... Bai, apuruan zebilenak beti zuen Deban sosegua eta kidetasun infinitua. Horrelakoxea zen Mila, horrelakoak izan dira Euskal Herriko Mila Idiakez guztiak. Oraindik ere bere zehaztasun eta handitasun osoan konta ez daitekeen historian ongi merezitako aitorpena zor zaienak.
ELTZEA SUTAN BEZALA,
egoera zailetan ikusten da nolakoa den pertsona. Zailak, latz askoak, bizitakoa izan da Mila Idiakez. Independentista porrokatua, bizitza osoa eskaini dio Euskal Herriari, aberriaren askatasunari, emakumeen liberazioari. Inori lezioak emateke. Bere balioak, bere gorputza eta bere izate zoragarria aurretik jarriz. Milaka bilera, kilometro, hitzordu eta disgusto, milaka poz eta zorion. Bost hamarkadako ekarpen militantean milaka kideren aitorpena eta, izan den bezalakoa izateagatik, esker ona.
Ia azken unera arte, presoak bisitatu ditu, haiekin gure herriaren erronkak eta demontreak partekatuz, aukerak errepasatuz, sortutakoak eta zapuztutakoak, beti presoen kide eta prest. Ikaragarri maite zituen eta denak etxera ekarri arte ez zela geratuko zioen, behin eta berriz. Euskal Herria infinituki maite zuen eta bere kezkak ezkutatzen ez bazituen ere, diskretua zen bere kritika eta ezinegon politikoetan, marmarra haizatzeke, gure herriaren indarren eta ahalmenen balioa nabarmenduz.
Sendabiderik gabeko tumoreak oso azkar eraman du, baina bere kideek izan dute barre gozo batzuk berarekin egiteko aukera. Hura agurtzeko eta eskertzeko. Agur eta ohore, Mila. Eder egizu bidea.