Urte berriak dakarren aldaketa parrastara egokitzeko gida
Urtezahar gauak utzitako biharamuna gainditzeko denbora tarte handirik gabe, urte berriak besapean dakartzan prezioen igoera eta zerbitzuen aldaketari egokitzeko tenorea heldu zaigu. Ondoko lerroetan estreinatu berri dugun 2025ak aginduriko aldaketen bilduma egin dugu; batez ere, arreta zerbitzuen atalean jarrita.
Urtats gauak utzitako biharamuna ozta-ozta gaindituta, 2025ak aldaketa franko iragarri dizkie Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko herritarrei. Erregaien, banku tarifen, argindarraren eta, oro har, oinarrizko kontsumo gaien prezioaren ohiko bilakaera ahantzi gabe, zerbitzuen atalak edota mugikortasun ereduak ere jasango ditu aldaketak.
LANARI BURUZKO LEGE BERRIA ABIAN
2023ko abenduaren 18an onartu zen «erabateko enplegurako legea» frantziar Estatuan. Hain zuzen, lege horretan ika-mika gehien eragin duen araua 2025eko urtarrilaren 1ean sartu da indarrean. Lanik gabe dagoen herritar orok, eta modu berezian Elkartasun Aktiboko Errentaren (RSA) jasotzaileek, sumatuko dituzte aldaketak.
Jadaneko Pole Emploi zerbitzuaren segida hartu duen France Travail egituraren barnean erroldatu dituzte lan- edo gizarte-txertatzeari begira egoera zaurgarrian diren herritarrak. Urte berriarekin frantziar Estatuko 1,2 milioi herritarren izen-abizenak txertatu dituzte automatikoki «lan norabidetze eredu pertsonalizatu bat» abian jartzeko helburua aldarrikatzen duen zerbitzuaren barnean. Berrikuntza deigarriena hauxe da: «Engaiamendu kontratu bat» aurreikusten du legeak. Hala, langabeak hainbat betebehar izanen ditu. Urteko lehen sei hilabetean onartzekotan den gobernu-dekretuak finkatuko ditu eginkizun horiek betetzen ez baditu jasan ditzakeen ondorioak. Horren esperoan, legeak agindu zehatza jasotzen du; astero 15 oreneko jarduera bete beharko du laguntzaren jasotzaileak.
Administrazioaren eta herritarren arteko lotura hobetuz, lan bilaketa onera eramatea litzateke sistema berriaren xedea, gobernuaren arabera. Eredu berriak oinarrizko errenta jasotzea baldintzatu dezakeelako beldur azaldu dira sindikatuak zein prekaritatean bizi diren herritarren ondoan lan egiten duten elkarteak.
OSASUNGINTZAN PREZIO EMENDATZEA
Joan den abenduaren 22an indarrean sartu ziren mediku kontsultei buruzko tarifa berriak. Hala, familia medikuak artatua izateko 26,5 euroren ordez 30 euro ordaindu beharko da 2025ean. Mediku espezialisten kontsultaren prezioa 56,50 eurotik 60 eurora emendatu da. Frantziar Osasun Ministerioaren arabera, «herritar gehienek ez dute igoera sentituko», Gizarte Segurantzak itzultzen duelako kontsultaren prezioaren %70 inguru eta gainerako %30 elkartasun asurantzak. Edonola ere, kontsulten gaineko tarifen igoeraren ondotik, elkartasun asurantzen emendatzea heldu da. Hala, aurten elkartasun asurantzen prezioa %6 igotzea aurreikusten du Mutualite Française egiturak.
Osasun prebentzioan funtsezkoa izanik ere, dentistarenera joatea, esaterako, garestiago izanen da herritarrentzat. Gazteei dagokienez, salbuespen bat izanen da, hori bai; orain arte, hiru urtean behin dentistaren bilana musu-truk zuten 3 eta 24 urte arteko haur eta gazteek. Azterketa hori urterokoa bilakatuko da laster. Hala iragarri du Gizarte Segurantzak. Dispositiboa zehaztu aitzin, elkartasun mutualitateen aldetik lehen oharra heldu da: ortodontzia tratamenduen «%40 inguru» haien gain hartzeko prest lirateke.
MUGIKORTASUNA ETA INGURUMENA
Urtarrilaren 6tik aitzina martxan jarriko da Txik Txak sare berria. Hala, Euskal Hirigune Elkargoak garraioaren maiztasuna %30 emendatzeko harturiko engaiamendua egikaritzen hasiko da. Antolaketa horren arabera, biztanle gehien biltzen duen Lapurdiko kostalde eta barnealde arteko zonan eskaintza %113 handituko da. Iparraldeko barnealdean, berriz, %68. Euskal Hirigune Elkargoak bidaiariei sare berria ezagutzen laguntzeko informazio egitasmo bat martxan eman zuen abenduan geltokietan. 2025.txiktxak.fr weba bisitatuz linea zein ordutegiei buruzko xehetasunak aurkituko ditu erabiltzaileak.
Garraio publikoaren aldeko bultzada ez da mugikortasun arloan urte berriak ekarriko duen berrikuntza bakarra. Hala, hemendik apirilera bitartean Lapurdin emisio ahuleko mugikortasun eremu (ZFE-m) bat plantan ezartzea aurreikusia da; kutsadura apaltzeko dispositiboa estreinatuko da. Hain zuzen, Baiona, Biarritz, Angelu, Donibane Lohizunen eta Lapurdiko beste herri batzuetan murrizketak aplikatuko zaizkie 1997. urte aitzin matrikulaturiko ibilgailuei. Hala, 9.000 auto inguruk sarbidea mugatua dute aipaturiko eremu horietan.
Kostako beste hainbat herritan markaturiko politikari jarraituz, Hendaiako Hondarraitz auzo osora zabaldu da ordaindutako aparkaleku eremua urtarrilaren lehen egunean, gisa horretan, apiril eta urria artean indarrean zen ordaindutako aparkalekuaren sistema urte osora zabalduz. Udal oposizioak, auzoek eta batez ere merkatariek ez dute begi onez ikusi aldaketa. Herriko Etxeak, bestetik, mugikortasun eredu jasangarriagoa sustatzeko diru-sarrerak bideratuko dituela hitzeman du.
Hondarraitzeko bizilagunek aukera izanen dute urtero 15 euroko abonamendua ordaindurik Florida, Zokoburu edo Tribord aparkalekuetan autoa uzteko. Saltzaile eta ostalariek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte hilabetero aparkatzeko txartela eskuratzeko.