10 ENE. 2025 Markos Zapiainek Txillardegiren bizitza eta obra «poliedrikoa» jaso ditu Zabalak eta sakonak dira Jose Luis Alvarez “Txillardegiren” pentsamendua eta obra. Markos Zapiainek gako nagusiak bildu ditu “Txillardegi hizkuntzalari” saiakera liburuan. Pertsona «poliedrikoa» izanagatik ere, hizkuntzalaritzan egindako jardunean arreta berezia jarri du Zapiainek liburuan; alde batetik, hizkuntzaren ezaugarri orokorrak lantzen ditu, eta bestetik, euskararen hizkuntza problematika bereziak. Markos Zapiain filosofoa, Elkarrekin argitaratu berri duen liburua eskuan duela. (Gorka RUBIO | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA «Txillardegiren bizitzak euskara izan zuen ardatz», adierazi zuen Markos Zapiain filosofo eta irakasleak atzo aurkeztutako “Txillardegi hizkuntzalari” (Elkar) saiakera liburuan, eta, baieztapen horretatik abiatuz, hizkuntzalariaren bizitza eta pentsamendua jaso ditu. Liburuaren abiapuntuan Zapiainen irakasle lana dago; izan ere, kontatu zuen Bigarren Batxilergoko Filosofiaren Historiaren programazioan aldaketa bat egin zela, eta besteak beste Txillardegiren pentsamendua sartu zela programan, “Txillardegiren hizkuntzaren filosofia, euskara abiapuntu”. Materialik ez zegoela-eta, hainbat irakasleri egotzi zioten lan hori, eta horretan jardun zuen Zapiainek. Eibar.org webean duen blogean argitaratu zituen zenbait artikulu, eta ondoren Elkar etxeari proposatu zion liburu bat egiteko aukera. Idazlearen heriotzaren 13. urteurrena baliatuz aurkeztu dute orain. Hiru ataletan banatu du liburua filosofoak: “Hizkuntzatasuna”, “Euskara” eta “Biografia”. Lehenbiziko atalean hizkuntzaren «ezaugarri orokorrak» landu dituela azaldu zuen Zapiainek: giza izatea zeharkatzen duen ororen izaera linguistikoaren gogoetak, dela ametsak, eromena, mitoa, inkontzientea edota kode genetikoa; XX. mendeko pentsalari ezberdinen ekarpenak: Saussure linguista, Levi-Strauss antropologoa, Lacan psikoanalista… Idazlearentzat lehen ataleko gakoa, hala ere, Txillardegik aipaturiko «estrukturamena» edo «estrukturagile inkontzientearena» dela adierazi zuen. «Gizakiok berez kaos bat topatzen dugu mundura gatozenean, eta mapak, ordena, antolamendua behar dugu; gure baitan badago estrukturagile inkontziente bat guztia bihurtzen duena zeinu hizkuntza, ametsak, hizkuntza bera, totemismoa, mitoak… Gizakiak egiten duen guztia zeharkatzen du hizkuntzak», esan zuen Zapiainek. EUSKARAK BIZIRAUN Bigarren atalak euskararen problematika berezia nabarmentzen du, eta euskara salbatzeko Txillardegik proposaturiko bideak: besteak beste, euskaltzaleak elebakar aritzea erdaldunekin harremanetan ere, edo euskararen zerbitzura jardungo duen euskal estatu bat sortzea. Eta bigarren zatiaren «giltzarria» Euskal Estatua da, bere ustez: «Euskararen gainbehera eta hizkuntza txiki askoren gainbehera ulertzeko historia aztertu zuen xeheki, eta ikusi zuen bizirik irauten duten hizkuntzak estatu bat dutenak direla. Proposatu zuen Euskal Estatua sortzea, baina ez edozein estatu, estatu bat bere tresna guztiak ipiniko dituena euskararen alde». Bere bizitza lan militanteari eman ziola kontatu zuen, eta hirugarren atala horri loturikoa da, haren biografia, «euskara ardatz hartuta». Aurkezpenean ohar egin zuen Txillardegik bere «erosotasuna sakrifikatu» zuela euskararen alde eta oso bizitza «poliedrikoa» izan zuela; «nahiz eta alde guztiak ezagunak ez izan; esaterako, piano jolea eta matematikako irakaslea ere bazela», azpimarratu zuen. «Txillardegiren lanaz jabeturik, liburutegi bat merezi du, noski, baina uste dut herri normal batean lehendakaria izango litzatekeela, ikusita egin zuen lana, pasatu zituen orduak eta zuen talentua», laburtu zuen irriz baina aldarri eginez. «Autore baztertuen obrak» ikertzea eta zabaltzea garrantzitsua da Zapiainen ustez: «Obra hauek aztertuta, argi geratzen da iraganak ezusteko gehiago ematen dituela etorkizunak baino». Horregatik, txalotu zuen Jakin Fundazioak egindako digitalizazio lana, bertan euskal autore askoren lanak aurki baitaitezke. MIRESMENAAurkezpenaren amaieran aitorpen bat egin zuen Zapiainek, Txillardegi miretsi egiten duela: «Bere obran sartzea ipotx bat erraldoiaren sorbaldan jartzea bezalakoa izan da, eta Txillardegi erraz miresten da, eta on egiten digu besteak miresteak. Euskaldunon artean ere badago zer miretsi»