Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Aspaldiko adiskideari agurra

Urtarrilaren amaieran 24 urte bete dira Jose Maria Sanchez Casas hil zela, espainiar Estatuan ezagun bihurtu zena PCEr (Espainiako Alderdi Komunista berrosatua) delakoaren sortzaile izateagatik; 1976an biok kartzela berean egon baginen ere, ez genuen aukerarik izan elkarrekin egoteko; 1978an aske utzi zuten ni jadanik kalean nengoela, eta PCEren II. Kongresuko zereginetara itzuli zen.

Halere, lan politikoa egiteko zailtasunak zituela iritzita, klandestinitatera pasatu zen, Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistak (GRAPO) sortu zuen eta 1979an berriro atxilotu zuten, GRAPOko arduradun nagusi gisa.

Nire bizitzan sartu zen 1982an Carabanchel espetxean nengoela, eta biok, Alfonso Sastre lagun genuenez, antzerki-testuen irakurketa batzuk antolatu genituen espetxean; publiko txikia izan genuen baina leiala, eta egindako deialdiei jarraitu zieten, berak antolatutakoei batez ere.

Gero harremana galdu genuen, nahiz eta jakin Sevillako espetxetik aske atera zela 1997ko uztailaren 20an. Kartzelatik atera ondoren, Cadizera itzuli zen, bere jaioterrira, eta antzerkian eta margolaritzan aritu zen. Hainbat herrialdetan erakutsi zituen bere marrazkiak, eta 2001eko Cadizko inauterietako kartelaren nazioarteko lehen saria irabazi zuen.

Antzerki-zuzendaritza, literatura eta pintura landu zituen. Quimera (antzerki herrikoia) eta La Tralla (antzerki matxinatua) taldeen zuzendaria izan zen. Halaber, hogei antzezlan, argumentu sozialeko bi eleberri argitaragabe (“Nueve círculo” eta “La Maraña” izenekoak), 2.000 marrazki, 150 margolan eta irrati eta telebistarako gidoi ugari idatzita utzi zituen.

Kartzelan ordu asko eman genituen hitz egiten eta eztabaidatzen, kezkatua zegoelako kultura lantzearekin bai preso politikoen artean, bai ‘sozialak’ edo motibazio ekonomikokoak deitutakoen artean ere.

Intelektual autodidakta izan zen, nahiz eta jende askok terrorista gisa identifikatuko duen, baina niretzat errealitate askoz gertuagokoa zein osoagoa geratzen da: gizon zeharo argia eta behartsuenekin engaiatua, zigorra beteta kalera irten zena, inorekin inolako zorrik eduki gabe hil zena; horrenbestez, nire memoria historikoan dago.

Distantzia eta guzti, adiskidetasun iraunkorra izan zen gurea, eta harro nago.

Lurra arina izan dakiola.