Israelekin hautsi gabe, genozidioak ez du etenik
Mehatxuak bete, eta argindarrik gabe utzi zuen atzo Israelek Gazako zerrenda. Laguntza humanitarioari berriz ateak itxi eta hamar egunera, beste koska bat estutu du Tel Avivek Gazako biztanleen kontrako zigor kolektiboa. Argindarra eteteak eragindako kalteen artean larriena itsasoko ura gatzgabetzeko Deir al-Balah instalazioa geldirik geratu eta, ondorioz, lurraldearen erdialdean 600.000 pertsona inguru edateko urik gabe uztea izan da. Hegoaldean dagoen beste instalazioak ozta-ozta jarraitzen du lanean, kaltetuta dauden sorgailuen bidez. «Edozein momentutan apur daitezke», ohartarazi zuen atzo Ahmed Alrobai gerenteak.
Egarria arma gisa, nazioarteko zuzenbide ororen kontra doa. Aldez aurretik iragarritako genozidioa da Israel Gazan -eta gero eta gehiago Zisjordanian- egiten ari dena. Abenduan, gatzgabetze instalazioak martxan zeudela, gazatar bakoitzak 2 eta 9 litro ur artean zituela eskura ohartarazi zuen Human Right Watch-ek, bizirauteko 15 litro behar direnean. Egoerak okerrera egingo du orain, ezinbestean. Sengadaiak eta elikagaiak ere agortzen ari dira. Abdel-Nasser al-Ajrami okinen sindikatuko buruak atzo esan zuenez, Gazan oraindik zabalik zeuden 22 okindegietatik seik atea itxi behar izan dute, lehengairik eta sukalderako gasik gabe gelditu ostean.
Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak ez daki dagoeneko nola azaldu: «Israelen kontra oraindik zigor neurriak edo arma enbargoa ez ezartzeak, besteak beste, gure historiako genozidio saihesgarrienarekin kolaboratzea esan nahi du». Dohako negoziazioetan bere baldintzak ezartzeko erabiltzen ditu Israelek gosea eta egarria, onartezina den negoziazio eskema ankerrean. Hori posible egiten duten baldintzak, ostera, ez ditu Netanyahuren Gobernuak bere kabuz lortu; AEBek eta Europak sortu dituzte, erabateko inpunitatea eskainiz eta Ekialde Hurbileko kanpo politika Estatu sionistaren eskuetan utziz. Esanguratsua da, nazioarteko orekak hankaz gora dauden garai honetan, Israelen babesa izatea kolokan ez dagoen auzi ia bakarra. Genozidioak ez du etenik izango Tel Avivek babes hori galtzen ez duen bitartean.

Querella de víctimas del GAL por lesa humanidad contra José Barrionuevo

Lurkoi, zaintza ardatz duen etxebizitza kolaboratiboa

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

Lakua reconoce como víctimas y reparará a Izura, Isart, Delas y Aizpuru
