Eudelek etxebizitza turistikoen baimen muga proposatu du
Etxebizitza turistikoak arautzeko oinarri komunak bidali dizkie Eudelek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 33 udali. Besteak beste, ostatu hauen jarduera lizentziak aldi baterako mugatzeko aukera jaso du.

Eudelek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei proposatu die etxebizitza eta logela turistikoen jarduera lizentzien baimena aldi baterako mugatzeko aukera ezar dezaten, turismo erabilerarako eskubidea finkatu gabe.
2024an egindako ikerlan batean oinarritzen diren orientabideak Eudelek egindako gida batean jasotzen dira. Honen bidez, hirigintza plangintzan erabilera turistikoa arautzeko zenbait oinarri komun eta orientabide ematen dira, bereziki etxebizitza eta logela turistikoen kasuan.
Gainera, kopuruan eta ehunekoetan mugak ezartzea, tentsio guneetan etxebizitza turistikoen egoera aztertzea, etxebizitzak eta logelak bereiztea, arauz kanpoko etxebizitzetan eta udal etxebizitza tasatuetan erabilera hau baztertzea, beste ostatu eta bizitegi modalitate batzuk malgutzeko aukera ematea, landa guneetan ere araudia ezartzea eta administrazio guztiek baimenen koordinazioa hobetzea planteatu die Eudelek 33 udali.
Azaldu dute turismo ostatuen modalitate berriak antolatzeko beharrari erantzuteko egin dela gida hau, udalerrietan koordinatuta eta tokiko autonomia abiapuntu hartuta, udal bakoitzak bere diagnosi eta bere udalerriaren beharretara egokitutako erregulazioa egin dezan.
Elkartearen arabera, lan honekin Gasteizko Legebiltzarrak egindako eskaerari erantzun dio.
Erakundeen arteko lankidetzaren testuinguru horretan, joan den astelehenean, Esther Apraizek bilera bat izan zuen Javier Hurtado Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin, dokumentua Sailari aurkezteko.
Eudelek adierazi duenez, gaur egun bi aukera daude, indarrean dagoen araudiaren arabera: erabilera turistikoa jasotzea egoitza erabileren barruan edo hirugarren sektoreko erabilera gisa.
Dokumentuak bi aukera horiek sakon aztertzen ditu, udal bakoitzak bere udalerrirako formularik egokiena diseina dezan.

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»

«Sería un fraude democrático que los partidos no admitieran a trámite la ILP»

Querella de víctimas del GAL por lesa humanidad contra José Barrionuevo

Lurkoi, zaintza ardatz duen etxebizitza kolaboratiboa
