GARA
DONOSTIA

Iñaki Salvador eta Marco Mezquida piano bikotea, Jazzaldian

Iñaki Salvador, Jorge Pardorekin, 2020ko Jazzaldian.
Iñaki Salvador, Jorge Pardorekin, 2020ko Jazzaldian. (Gorka RUBIO I FOKU)

Donostiako 60. Jazzaldiak sei kontzertu eskainiko ditu Hernaniko Chillida Leku museoan, horien artean bi estreinaldi, museoaren zelaietan, aire zabalean: batetik, uztailaren 20an Iñaki Salvador eta Marco Mezquida piano jotzaileek ‘‘Dichosos tributos’’ proposamena aurkeztuko dute, jazzaren historiako piano interprete handien omenezko kontzertua, eta, bestetik, uztailaren 19an Bascolombiaren kontzertua izango da, Oreka TX euskal taldea eta Phonoclorica talde kolonbiarra batzetik eratua.

Jazzaldian lehen aldiz, bi kontzertu izango dira Chillida Lekuko Zabalaga baserrian: uztailaren 26an, Lew Tabackin flautista eta saxofoi tenorraren laukotea; eta, uztailaren 27an, Jordina Milla & Barry Guy pianista eta kontrabaxua.

Txikijazz egitarauan bi kontzertu izango dira: hilaren 25ean, Claire Martin abeslari britainiarra; 26an, Arima Soul euskal taldea. Galarretan aparkaleku bat prestatuko dute ibilgailu pribatuentzat, eta doako autobusa egongo da handik museora, hilaren 19, 20, 25 eta 26ko kontzertuetarako (azken egun horretan, goizez bakarrik). Uztailaren 26 eta 27an 19.30ean izango diren kontzertuetara doazenek zuzenean aparkatu ahal izango dute museoko aparkalekuan.