GARA

«San Juan» baleontzian, urrats bat gehiago

‘‘San Juan’’ baleontziaren xukabonbaren eraikuntza abiatu du Albaola Itsas Kultur Faktoriak, eta egunotan prozesua bertatik bertara ezagutu ahalko da.

«San Juan» baleontziaren xukabonbaren eraikuntza, Albaolan.
«San Juan» baleontziaren xukabonbaren eraikuntza, Albaolan. (ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA)

Albaola Itsas Kultur Faktoriak beste urrats bat egin du ‘‘San Juan’’ baleontzi ozeanoz haraindikoaren erreplikaren eraikuntzan. Egunotan abiatu dute xukabonbaren eraikuntza eta datozen egunetan prozesua zuzenean jarraitzeko aukera ere zabaldu dute, bi larunbatetan -gaur eta apirilaren 5ean- eta maiatzaren 14ra arteko asteazkenetan ere bai, Albaolaren Pasaiako egoitzan. Bonba hau funtsezko elementua da itsas zabaleko itsasontziaren segurtasunerako eta eraginkortasunerako, eta Albaola Itsas Kultur Faktorian «fideltasun osoz» erreplikatuko da, Red Bayko (Kanada) saskarrean aurkitutako jatorrizko bonbaren analisitik lortutako ezagutzan oinarrituta. «Eraikuntza prozesu honek XVI. mendeko nabigazioan funtsezkoa zen xukatze sistema berreskuratuko du, eta garaiko itsas teknologiari buruzko testigantza zientifiko baliotsua emango digu», adierazi zuten. Piezaren eraikuntzarako, 7 metroko luzera duen pago enbor bat zulatu behar da luzetara, 12 cm-ko diametroa duen zulo batekin. Hori lortzeko, koilarazko barautsez hornitutako barrena bat diseinatu eta eraiki da, XVI. mendean erabiltzen zirenen antzekoa.