Argitzeko dagoena
Duela egun batzuk gazte batzuk gurutzatu nituen espaloirik gabeko baserri-bide batean asfaltoaren bazterra beren egina zutela. Ez zitzaien askorik falta argiztatutako eremura iristeko eta, bien bitartean, ilunbistan zihoazen. Mugikor bana eskuan, linterna piztu eta euren pausoei egiten zieten argi eta iruditu zitzaidan oso garai zehatzerako teknika behar zuela horrek, zeren euren bidea ikusteko arazorik ez zuten, nonbait; bai, ordea, eurak ikusiko ez ote genituen. Argi gehixeago izan balitz, alferrik argiztatuko zituzketen orkatilak eta, argi gutxiago izan balitz, aldiz, aurrera egin beharko zuketen argi pausoa nora eman asma zezaten. Lainotuta dagoenerako eguzkitarako betaurrekoak bezala, gutxi gorabehera.
Gogoratu nintzen elkarrizketak egiten hasi berria nintzenean landu zitezkeen gai mordoarekin txundituta nengoela eta kutsadurari zegokion serie txiki bat antolatu genuela. Kutsadura luminikoa zen horietako bat, eta Zuza astrofisikariak izan zuen hasiberriaren eskarmentu faltari erantzuteko borondatea. Ez zen oso elkarrizketa luzea izan, kutsatzeari uzteko neurri zehatz eta eraginkorra bota zidalako: «Irtenbide oso erraza du, argiak itzaltzen diren momentuan desagertzen da kutsadura». Ez dakit espero nuen halako logika zuzenik. Kulturarekin konplexutasuna hartu zuen gaiak, argiak eta bere koloreak duten eragina aipatzean. Argitasuna oparotasunarekin eta segurtasunarekin lotzen omen dugu. Argi zuriak hori transmititzen du; argi horiak, aldiz, segurtasun eza. Kasualitatea behar du, bada, argi zuriak horiak baino kaltegarriagoak baitira! Erlazio hori moldagarria izango da, noski, argia aberastasunarekin baino kutsadurarekin lotzea bezala. Segurtasunaren puntua da pisu handia ematen diodana. Joan den asteko gazteak seguruago sentituko ziren ikusiko zituztela-eta, edo neroni ere banaiz kale ilunetan tripak uzkurtzen zaizkionetakoa, ikusten ez duzunean imajinatu egiten baituzu eta iruditeria beldurgarri bat jaso dugu, nahiz eta jakin kale seguruak behar direla, ez argiztatuak.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Como rimaba Machado: Esteban ha sido el elegido y nadie sabe por qué ha sido

«La Justicia nunca ha investigado nada, siempre se ha puesto de perfil»

IRUÑA-VELEIA AUZIA «BEHIN BETIKO» ARGITZEAREN ALDE
