Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Finala, fisikoa?

Aitortu beharra dut; ez dakit egunerokoan albisteak nahasian heltzen zaizkidan ala nik neuk nahasten ditudan gero, buru aldetik igarotzean. Baina emaitza bera, kanpoko albisteen nire barruko nahasmena eta anabasa. Eta, jakina, nire kontakizunak buru-iturri horretatik edaten duenez… Total, aste-buru honetan finala dela irakurri dut non edo non, eta luzea eta oso fisikoa izango dela irakurri ere, pilotekin dudak egon arren. Eta azken honek gehiago nahastu nau, aurrekoa gutxi balitz bezala, kontuak atera! Luzea? Fisikoa? Pilotak? Zer demontre eta demontre-oste! Ez al da bakarreko final honetan buruzagi bakarra? Non da hor lan fisikoa? Are gehiago, non da hor lana? Pilotena, tira...

Bai, bai, frontoiko finalaz nago, Atanoko horretaz; zein duzu zuk, balizko irakurle, buruan baina? Eusko Alderdi Jaurlaritzak abiatutako berriztatze prozesuaren finalaz nago ni, denbora baterako presidentea hautatzeko finalaz egon ere. Tira! Horko kantxan buruzagi bakarra egonda, ez dut uste partida asko luzatuko denik; are gehiago, 22an hasita. Hortaz, urtean ordu gutxien dituen eguna aukeratu izanak finalerako argi uzten du partidaren motza. Seguruenik domeka gauerako nahiko seguru izango da presidente berriaren izena! Eta izana! Eta orduan kantxan azalduko, Kutxabanken neurriko elastikoarekin talentu itxura hiru haizetara… pilotak hara eta horra botatzen, bere teilatua libre utzita, orain foru-pasa orain foru-falta…

Berriztatze prozesua omen. Zer berri? Jainkoak berak baleki sikiera! Eraberritzea ote? Erak, moduak, nork bereak, hori bai, baina berriztatzea… zaharberritzea akaso, adinkideak izanda ere. Lege zaharrak berrituko balituzte behintzat! Eta presidentearekin batera, zuzendaritzako plantxa osoa eguneratu ere, ondo lisatuta edo. Horra EAB berria! Ezkioko Aburu Bakar!