Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Apoarenak

Aspaldiko partez trabatu zait artikuluaren idazketa. Esan nahi nuena argi izanda ere, forman katramilatuta. Ziur asko, beldur nuelako asmatu ezean norbait haserretuko zitzaidala. Halakoak baitira bizi ditugun garaiak, dena geza bihurtzeraino bezain zorrotzak. Apoaren edertasunean sinetsita, halaber, nola isilduko naiz?

Hasieran, nola bestela, mareatuko zaituztet. Eta dena artikulua entregatzeko epemugatik gertu, ilargia zeruan delarik, hitzak askatzeko oinez ibili ezinda, gaua iluna baita bizi naizen tokian, musika entzunez Surfin Kaosen abesti eder batera iritsi naizelako. Epifania txiki bat izan da, Nuria Labariren azken obraren lehen orrialdeak irakurtzearen parekoa. «25 urte eta gero Euskal Herrian Euskaraz...», dio kantaren letrak. Bai, izan genuen euskaldunok arte efimero mota bat, jaialdietarako berariaz eginiko kantuena. Ekimen sozial edota politikoa zuten hamaika jaialdik, izan topagune, izan ikasle egun, izan presoen aldeko elkartasun kontzertu, intsumiso egun... eduki zuen bere kanta. Sen taldearen “Askatasun taupadak”, Berri Txarrak-en “Bisai berriak” eta SAren “Pauso bat” dira adibide onak.

Egun, uste dut ikastolen aldekoak direla bide hori urratzen duten jaialdi bakarrak. Baina baliteke oker egotea.

Kanta horietako asko galdu dira. Beste batzuek, zortedunek, udetako txosnen CD bildumetan sartu eta lortu zuten data zehatz bat gainditzea, urte batzuez bederen. Kolektibo askoren desagerpen edo mutazio marxistak utzi baititu, halaber, kantok jokoz kanpo behin betiko.

Geratzeko etorri dena, efimeroa ez dena, proiektu eoliko eta fotovoltaikoen auzia da. Uste dut ez gabiltzala asmatzen eztabaida emateko orduan, eta urgentziak direla, batetik −Pirinioetako glaziarren hileta azaldu digute orriotan eta inork ez du ezer esan−, eta kolonialismo zantzua, bestetik −“As bestas”−, hor gaude eztabaida gero eta itsusiagoetan preso. Ona litzateke erakunde, alderdi, kolektibo eta norbanakook hausnartuko bagenu zertan ari garen. Energia arloan ezer ez egitea baita kritikoa, eta koloniala, baina beste batzuekiko.