0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Beñat ZALDUA-Isidro ESNAOLA
GERRA KOMERTZIALA

Muga-zergak: galdera ez da zergatik, baizik eta zertarako

(Andrew LEYDEN | NUR Photo / AFP)

 

Trump, munduaren aurka. Ero bat, planeta hankaz gora jartzen. Burugabe bat, emaitza ezezagunak izanen dituen ekaitza eragiten. Kaiku bat, bere buruaren aurka harrika. Erraza da AEBko presidenteak egiten dituenak deskribatzeko orduan bere inguruan ditugun iritziak plazaratzea, baina ezer gutxi laguntzen du horrek bere jokabidea azaltzen. Zarata eta show guztiaren atzean, estrategia bat egon badagoelako. Okerra, agian; makurra, ziurrenik. Baina ulertzen saiatu beharrekoa.

Asteazken gauean iragarri zituen muga-zerga orokorrek, 1930. urtetik handienek, hilkutxan sartzen dute azken mende erdiko merkataritza sistema, analista askoren ustez. Geratzeko etorri badira, neoliberalismoak oinarri duen ereduaren amaieraren aurrean egon gaitezke, zer datorren inork ez dakien arren. Baina hori hala izateko, muga-zergak helburu gisa ulertu behar dira, eta Trumpek berak eman dituen itzulinguru guztiek, hala nola herrialdeen araberako desberdintasunek, kontrakoa adierazten dute. Muga-zergek, helburu baino, tresna bat diren itxura handiagoa dute.

Orduan, presiorako tresna badira, galdera aldatu egiten da; ‘zergatik’ galdetu ordez, ‘zertarako’ galdegitea da gakoa. Zerbait lortzeko palanka badira, zer da lortu nahi dena?

Erantzunaren bila, Trumpen mundu ikuskera ulertzen saiatu beharra dago. Zarata eta propaganda handiarekin bada ere, mezua beti berbera da eta. Asteazkenean bertan errepikatu zuen beste behin: «Urteetan iruzur egin digute munduko herrialde ia denek, lagunek eta etsaiek, baina hau amaitu da». Zergatik dio Trumpek mundua AEBz aprobetxatu dela? Gertatzen ari dena ulertzeko bidaia honetan, erantzun bakoitzak hurrengo galdera ekarriko digu.



Abiapuntua: Trumpen ustez, mundua AEBz aprobetxatuz gainbeherara kondenatu du

Ohikoa da borreroak bere burua biktima gisa aurkeztea. Horrela, Donald Trumpen erretolikaren arabera, Amerikako Estatu Batuek planetako jendarme eskuzabalaren papera bete dute, oreka geopolitikoak bermatuz, bere kaltetan izan arren. Ondorioz, uko egin diote beren potentzialitate guztia garatzeari, bereziki industria arloan. Beren hegemonia inork mehatxatzen ez zuen bitartean, hori ez zen arazo, baina Txinaren gorakadak eszenatokia aldatu du.

Erretolika honen atzean logika bat dago, tranpatia izan arren, eta garrantzitsua da ulertzen saiatzea, ez baitago bestela muga-zergen eta gerra komertzialaren atzean zer dagoen asmatzerik. AEBren gainbehera erreala da, baina arrazoiak asko dira, Trumpek salatzen duen neurriz kanpo balioztatutako dolarraz gain.



Fabriken deslokalizazio masiboa

Bloke sobietarraren amaieraren ostean iritsi zen globalizazio neoliberalarekin, industriaren fase ez errentagarriak AEBko enpresak bere mugetatik kanpora eraman zituen. Fabrikak Mexiko, Txina eta munduko beste herrialde batzuetara mugitu zituzten eta azpiegitura eta lanpostu industrial ugari galdu ziren.



Etekinak lehenesten dituen kultura

Era berean, enpresarien artean ardura sozial minimoari iskin egin eta etekinak maximizatzeko joera nagusitu da. Helburua akziodunen dibidendua puztea izan da. Deslokalizazioaz gain, honek beste ondorio batzuk izan ditu; besteak beste, kalitate kontrolak malgutzea eta ikerketa eta garapena bigarren mailan uztea.



Esportazio garestiak eta lehiakortasuna

Hau da Trumpen obsesioa. Deslokalizazioekin eta etekinen logikarekin estuki lotuta, dolar indartsu batek ere bere papera bete du gainbehera honetan. Moneta estatubatuarraren balio altuak, AEBn ekoitzitako produktuen esportazioa garestitu du. Eta norena da horren errua, Trumpen arabera? Munduarena.



Dolarra: nazioarteko erreserba- moneta

Trumpen administrazioaren arabera, dolar gainbaloratu batek AEBko industriaren lehiakortasuna mugatzen du. Hori da Trumpen Ekonomia Aholkularien Batzordeko buru Stephen Miranen tesia. Zergatik dago neurriz kanpo balioztatuta dolarra, Washingtonen ustez? Bigarren Mundu Gerraren ostean eraikitako gobernantza makroekonomikoaren ondorioz, AEBkoa delako nazioarteko erreserba-moneta nagusia. Alegia, munduko banku zentralek esportazioen bidez iristen zaizkien dolarrak gordetzen dituzte, erreserba gisa. Bestela esanda, dolarra da aurrezteko moneta fidagarriena. Horrek dolarraren balioa altu mantentzen du, eskaerak tinko eusten diolako beti. AEBko presidenteak mundua AEBz aprobetxatzen dela esaten duenean honi buruz ari da. Eta desabantailak badituela egia bada ere, Trumpek nahiago du posizio horrek ematen dizkion abantaila nabarmenak ahaztu. Hemen laburpen bat.



Defizit mugagabea eta boterea

Erreserba-moneta nagusia izateak posizio pribilegiatua ematen dio Washingtoni. Esate baterako, beste herrialdeek baino defizit askoz handiagoak jasan ahal ditu; besteak beste, munduko armada handiena mantentzeko. Era berean, estatuak edo norbanakoak zigortzeko boterea ere ematen dio.



Dolarra debaluatzeko zailtasunak

Egia da, ordea, badituela desabantaila batzuk. Nagusia, esan bezala, dolarraren balioa beti nahiko altu mantentzea da, produktu estatubatuarren esportazioa garestitzen eta lehiakortasuna mugatzen baitu. Trumpen administrazioak desabantaila hori gainditu nahi du, abantailak mantenduz.



Helburua: AEB berriz industrializatu

Trumpek AEB berriz handi nahi duela dioenean, industriari buruz ari da, batik bat, eta bere hautesleen artean dauden desindustrializazioaren biktimei zuzentzen zaie. Bere helburua, neurri handi batean, inbertsio produktiboak erakartzea da. Nola lortu nahi du? Arazoa dolar indartsu bat dela defendatzen duen neurrian, dolar ahulago bat nahi du, nazioarteko erreserba-diru estatusa galdu gabe, jakina. Eta errua munduko banku zentralei egozten dien heinean, begirada haiengana bideratzen du, neurri handi batean.

1985eko irailean New Yorkeko Plaza Hotelean Londres, Berlin, Paris eta Tokiok dolarra debaluatzeko neurriak adostu zituzten bezala, Trumpek Mar-a-Lago izena jaso duten akordioak sinatu nahi ditu bere bazkide komertzial nagusiekin. Helburua? Dolarraren debaluazioarekiko eta AEBren finantziazioarekiko konpromisoa har dezatela. Hori lortzeko palankak dira muga-zergak.



Presiorako tresna: muga-zergak

Hainbeste joan-etorrirekin, dagoeneko nabarmena da muga-zergak ez direla helburu bat bere horretan. Muga-zergek ez dute beren kabuz AEBren defizit komertziala orekatuko, eta Trumpek badaki. Palanka gisa erabili nahi ditu Trumpek -mehatxu militarrekin batera- nahi duen berrindustrializazioa bultzatzeko.

Bi norabidetan egiten dute lan muga-zergek. Kide komertzialen gainean presio nabarmena jartzen du, dolarraren debaluazioa negoziatzera sar daitezen. Haien interesen aurka, jakina. Era berean, multinazionalak lekualdatzea ere bilatzen dute muga-zergek. Askotan esan du Trumpek, urruti gabe aurreko astean, autoei %25eko bidesaria ezartzerakoan: «Autoak AEBn fabrikatzen badira, ez dute inolako muga-zergarik izango». Hyundaik Louisianan fabrika bat iragarri zuenean, martxo erdialdean, Etxe Zuriko maizterrak ideia berretsi zuen: «Muga-zergen eraginkortasunaren froga garbia da».



Zein ondorio izango ditu honek guztiak?

Auskalo. Teoriaren arabera, hondamendia dator. Muga-zergek merkataritza kaltetu eta dolarraren nagusitasuna kolokan jar dezakete. Urduritasuna nabarmena da AEBren ohiko bazkideen artean -euren industrien esportazioak sufrituko duelako, zalantzarik gabe-, baina baita herrialde iparramerikarrean ere. Adibidez, egun Pennsylvanian egindako pistoiak Kanadara joaten dira lehenengo, bertan egiten baitira bielak. Handik Mexikora doa dena, muntatzera. Eta Mexikotik berriz AEBra, Michiganen osatuko den motorrera. Orain, prozesu honetan ezarri diren bi muga-zergek nabarmen garestitu dute motorraren prezioa.

Helburu gisa, muga-zergek ez dute zentzu handirik, baina teoria ekonomikoak ahaztu egin ohi du botere harremanek erlazio ekonomikoetan duten eragina. Galdera, beraz, ez da muga-zergen ondorioei buruzkoa, horiekin bilatzen den negoziazioari buruzkoa baizik. Auzia politikoa da.