Ezkerraren agenda
Munduaren abiadura ikusirik, zaila egiten da egunerokotasunaren erritmoari eustea. Goizean berria dena arratsaldean iragana da eta biharamunean jada ahaztu dugu. Prentsa idatziak bere balioa mantendu nahi badu, jada ezin dio gaurkotasunari soilik eutsi, analisiari eta iritziari bide eman beharrean dago. Hezkuntza sistema, curriculuma, erabat zaharkituta geratu da eta gure ume eta nerabeek ikasten dutenaren portzentaje bat erabat inutila da, bai ezagutzari dagokionez, baita biziko duten etorkizun profesionalerako prestakuntzari begiratuta ere. Administrazio prehistorikoa dugu, justizia jauregi batera sartzea mende bat atzera bidaiatzea bezalakoa da... gizarte eta sistema gisa putzak botatzen dihardugu historiaren abiaduraren atzetik. Asteotan ikusten ari gara.
Bat-batean apirilaren 2ari begira jarri ginen mundu guztia eta Trumpek Estatu Batuetako independentzia ekonomikoaren eguna bataiatzearekin batera, mundua, ekonomia eta nazioarteko merkatuak hankaz gora jarri dira. Globalizazioaren onurak behin eta berriz goraipatzen dituzten horiek larri, euretako askoren negozioaren portzentaje handi bat AEBra esportatzean oinarritzen baita. Horra Europar Batasunaren erantzuna, hiruzpalau egunetako duintasun imintzioak gorabehera, berriz ere egun gutxiren barruan AEBren menpekotasun geopolitiko eta ekonomikoaren aurrean umiliatzen amaitzeko. Txinatarrak omen dira berriro ere gaiztoak, AEBren erronkari aurre egiteko gaitasun ekonomikoa eta autonomia politikoa erakutsi dutelako. Ez al da ba, hein handi batean, Trumpen arantzelen istorio hau txinatarren aurrean posizionamendu geopolitikoa areagotzeko mugimendu taktiko bat izan?
Ziurgabetasun testuinguru honetan, latitude hauetan Trumpen “okurrentziei” eta gure EPSVen edo burtsako inbertsioen jaitsierei begira gauden bitartean, ia oharkabean pasatzen zaigu gastu militarra handitzen ari direla eta badaezpada hiru egunerako jateko probisioak lortzera gonbidatzen gaituztela europar agintariek. Hasieran balizko gerra baterako egiteko esan ziguten eta azkenean ez-komunikatu ez-ofizial batean badaezpada gerra, covid edo epidemia berriak eta abar aipatzen ziren... elite europarrak gastu militarraren igoera justifikatzeko jendartea beldurrarazi nahian, horrek suposatzen duen ardura gabezia guztiarekin. Edota benetan arduratuta egoteko motiboak ditugu eta ez gara jabetzen ari... Ingurumari hauetan ez, behintzat.
Ze, egia esan, Arnaldo Otegi da eskalada militarraren arriskuez ohartarazi gaituen euskal lider politiko bakarra. Areago, hainbat arduradun politikok hemengo industria militarraren aukerez hain modu erosoan egin dituzten deklarazioek erantzun tinkoago bat behar lukete. Gerrarako prestatzen ari badira, gerraren aurka gaudenok ezin dugu beste norabait begira egon. Baina hain tradizio antimilitarista duen herri honetan ez da erreakziorik egon. Garai batean hain oparoa izan zen mugimendu antimilitarista Gabonen karian urtero Bilboko gobernu militarrean egiten den performance baino ez da bilakatu.
Puntu honetan artikulu honetako izenburuarekin konektatu nahi dut, hori baita nire azkenaldiko kezka iturburu nagusia. Non dago herri honetako ezkerra, mugimendu herritar, sindikal eta politikoa? Zein da azken finean herri honetako ezkerraren agenda? Zeintzuk dira egungo borrokak? Zein dira ezkerrak agendatuta dituen erronkak? Horiek ondo konektatzen al dute herritarren zentzu komunarekin eta munduaren egungo errealitatearekin eta, beraz, lehentasunak izan beharko luketenekin?
Munduaren abiadurari jarraitzeko eta are tendentziei aurreratzeko gaitasuna duen ezker bat behar du herri honek. Ezker antolatu bat, aliantza estrategikoak landuko dituena datorkigunari aurre egiteko. Baina uste dut ezkerrak bereziki dituela zailtasunak garai berrietarako diskurtso eta praktikak garatzeko. Azkenaldian ezker mugimenduetan irakurtzen ari naizen albisteetan ikusten ditudan esamolde eta erretolikak duela hamarkada batzuetakoetatik ez direla batere bereizten iruditzen zait. Areago, duela hamarkada batzuk irakurrita nituelako ezagunak egiten zaizkit. Baina diskurtso horiek ez dira gizarte berera zuzentzen, ezta arazo berdinei ere. Jendartea eta testuingurua aldatu dira eta ezkerrak bere burua modernizatu, diskurtsoak tonuan eta mezuan egokitu, beharra dauka.
Eta, batik bat, praktika, hau da, agenda, birpasatu. Ze lehentasunetan galtzen garelakoan nago, txikira jolasten... ondo dago “jateko gauzez arduratzea”, baina hor ere jatekoak eta jatekoak daude, klase interesak eta interes korporatiboak... Ez naiz zilegitasun eta arrazoiaz ari. Hori egon daiteke, baina ezkerrak interes txikien/sektorialen batura soil bat egin baino, bere burua helburu handi eta minimo batzuen inguruan artikulatu beharra dauka. Eta jendartearekin konektatu eta mezu horiek zabaldu, baina ez posizio historikoetatik, haiei auskalo zer-nolako fideltasuna zor bagenie lez, egungo posizioetatik baizik.
Iragan hilean idatzi nuen artikuluaren harira, ikusi dut jendea diskurtso berriztuen eta gaurkotuen gose dela. Ezkerrak egungo munduari, Europari eta Euskal Herriari begiratu behar dio eta ez du beldurrik izan behar bere burua birpentsatu eta munduaren historiaren abiadura harrapatzeko. Interes korporatibo eta erresistentziak beti egongo dira, horiek ez baitira eskuinaren monopolio. Ezkerrean ere nostalgia ugari eta, zergatik ez, gaitasun faltak ere egongo dira, existitu beharrak... baina erronka handiegiak ditugu aurrean, asko dugu jokoan, eta ardura historiko horretatik herri honetako ezkerrak etsenplu izan behar du. Belaunaldi gazteek ekar dezakete freskotasuna diskurtso eta praktiketan, izaten uzten badiegu. Apirilaren 17an Berriozarretik pasatuko naiz haiek entzutera.

Una piedra tallada hace 10.000 años, rival de la Mano de Irulegi

«Egun ia ezinezkoa da musika gaizki jartzea, ekipoak egiten du dena»

La juventud independentista se echa a la calle tras la prohibición de la AN

«¡Somos Ernai y no pararemos hasta llevar este pueblo hasta la libertad!»
